Publizitatea
Itxi

2016/07/15

18:27

Mundua

Nizako atentatua

Nizako erasoaren egilea 'ezezaguna' zen Inteligentzia zerbitzuentzat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mohamed Lahouaiej Bouhlel gaizkile arruntatzat zuen Poliziak, baina ez zuten fitxatuta balizko jihadista gisa.

1:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

François Molins Parisko fiskalak azaldu duenez, Nizako sarraskiaren egilea, Mohamed Lahouaiej Bouhlel, "guztiz ezezaguna" zen Inteligentzia zerbitzuentzat, Poliziak gaizkile arrunta gisa fitxatuta bazuen ere.

Molinsen esanetan, Bouhlel 31 urtekoa zen, Tunisiako jatorria zuen, eta emaztearekin eta bi seme-alabekin bizi zen, baina dibortzio prozesuan murgilduta zegoen. Gidari gisa lan egiten zuen, banaketak egiteko.

Segurtasun Indarrentzat "ezaguna" zen, baina mehatxu eta indarkeria delituengatik. Horren ildotik, martxoan sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, urtarrilean egindako indarkeria ekintza batzuengatik. Hala ere, Inteligentzia zerbitzuentzat ?guztiz ezezaguna? zen, ez baitzegoen fitxatuta balizko jihadista gisa.

Oraindik ez dago argi zergatik erabaki zuen Bouhlelek atentatua egitea, baina, fiskalak aitortu duenez, gidaliburu jihadisten aholkuak jarraitu zituen. "Ikerketak argituko du konplizerik izan ote duen eta erakunde terrorista islamistekin loturarik zuen", gaineratu du.

Ikerketa horien baitan, Segurtasun Indarrek bi miaketa egin dituzte, eta hainbat material informatiko atzeman dute.

Gainera, sarraskia egiteko erabilitako kamioiaren barruan pistola bat, bi granada eta arma faltsuak aurkitu dituzte.

Horrelakoa izan zen atentatua

Bouhlelek hilaren 13an alokatu zuen atentatuan erabilitako kamioian. Atzo, Ingelesen Pasealekuan barrena egin zuen, eta bi kilometro eman zituen bertan zeuden ehunka pertsonen aurka oldartzen.

Hiru poliziak tiro egin zioten, geldiarazten saiatzeko, baina, hala ere, beste 300 metro egin ahal izan zituen. Azkenean, Negresco Hotelean geldiarazi zuten, eta bertan hil zuten.

Biktimen azken balantze ofiziala

Fiskalak zehaztu duenez, 84 pertsona hil dituzte atentatuan; horietako 10, umeak eta nerabeak.

Gainera, 202 zaurituta daude. Horietatik, 52 "hil edo bizi" daude.

Hollandek defendatu egin ditu segurtasun neurriak

Bestalde, François Hollande Frantziako presidenteak aldarrikatu du "neurri guztiak" hartuta zeudela Nizan segurtasuna bermatzeko.

"Segurtasun indarrek neurri guztiak hartu zituzten su festak, ahal den neurrian, babestuta egon zitezen", esan du agintariak.

Era berean, babestu egin du Poliziak "hiltzailea indargabetzeko" egindakoa.

Gaitzespenak

Nazioarteko zein EAEko eta Nafarroako agintariek gogor gaitzetsi dute Nizako atentatua, eta salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena