Mundua -

Ikerketa

Zer gertatu da Nizan?

Gau odoltsua izan da bart Nizan: 84 lagun hil ditu gizonezko batek Errepublikaren eguneko ospakizunetan. Hauek dira ikerketaren inguruko xehetasunak.

EFE
EFE
EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egun odoltsua izan da 2016ko uztailaren 14a, Errepublikaren eguna, Frantzian. Dozenaka pertsona hil dituzte Nizan, atentatu terrorista batean. Herri turistiko honetako Ingelesen Pasealekuan bilduta zegoen jendetza harrapatu du kamioi batek, eta sarraskia eragin du. Pasealekua jendez lepo zegoen, jaia dela eta, su artifizialak ikusten ari zirelako.

Zer geratu da?

Kamioiaren gidaria tiroz hil du Poliziak, Ingelesen Pasealekuan bi kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren. Lekukoen arabera, ziztu bizian -90 km/h- joan da eta ezker eskuin bolante-kolpeak emanda, ahalik eta jende gehien harrapatzeko asmoarekin.

Ibilgailu barruan pistola bat eta faltsuak ziren arma luze ugari eta granada bat topatu dituzte. Kamioia alokatutakoa zen. Ibilgailuaren kabinan bildu dituzten hatz markei esker identifikatu dute terrorista: tunisiar jatorriko 31 urteko frantses bat da.

Biktimen balantzea

Gutxienez 84 hil ditu erasotzaileak kamioiarekin harrapatuta. Zauritutakoen kopurua ere handia da oso: gutxienez 50 haur ospitalean daude, euren zaurien larritasunen berri eman ez badute ere.  Osasun arduradunek adierazi  dutenez, goizeko lehen orduan Nizako ospitale pediatriakoan zeuden bi haur hil dira, ebakuntza egiten ari zitzaienean.

Agintariek ez dute zehaztu zenbat haur hil diren. 84 hildakoez hain, hamarnaka zauritu daude; 18 larri daude, 50ek zauri arinak dituzte eta 120 larrialdietako zerbitzuek artatu dituzte.

Nor izan da erasoaren egilea?

Nice Matin bertako egunkariak zehaztu duenez, Mohamed Lahouaiej Bouhlel tunisiar jatorriko 31 urteko frantziar bat da, baina hori ez dute oraindik ofizialki baieztatu.

Bouhlelek aurrekariak zituen, baina ez terrorismoagatik.

Pertsona batzuek bala zauriak dituzte. Ustezko terroristak erabilitako kamioiak 20 bat tiro jaso ditu aurreko kristalean.

Hasiera batean, bahituen eta erasoaren konplize armatuen berri eman dute Nizako kaleetan, baina Pierre-Henri Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak gezurtatu egin du informazio hori.

Sare Sozialak, elkartasunaren adierazle

Sare sozialak elkartasun mezuz bete dira eta #PrayforNiza eta #Nice06 traolek milaka mezu jaso dituzte. Parisko atentatuekin gertatu zen bezala, frantziarrek euren etxeetako ateak ireki dituzte atentatuaren biktimei babesa emateko. #PortesOuverNice traolak 375.000 txio jaso ditu atentatuaren ondoren 12 orduetan.

Informazio jasotzeko telefonoak

Espainiak Nizan duen Kontsulatuak eta Espainiako Gobernuko Ministerioak Nizako atentatuengatik kaltetuei eta haren familiei informazioa jasotzeko telefonoak jarri dizkiete. Kontsulatuak 0608717988 telefonoa jarri du martxan Frantziatik deitzen dutenentzat eta 00 33 608717988 telefonoa deia Espainiatik egiten dutenentzat. Halaber, 0493722222 telefonoa jarri dute Frantziatik, familiei eta biktimei bideratuta.

Hiru dolu egun

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak nabarmendu duenez, bestalde, bart Nizan izandako "ekintza terroristak" agerian utzi du "gerra egoeran" daudela, baina hala izanagatik ere, Frantzia ez dutela garaituko.

"Frantzia demokrazia handia da, eta ez du amore emango", esan du Francois Hollandek zuzendutako segurtasun eta defentsa batzordearen bilera egin ondotik eskainitako agerraldian.

Vallsen hitzetan, Hollandek hiru dolu egun ezarri ditu larunbatetik aurrera, "biktimen omenez". Ostiral honetatik, bestalde, eraikinetako banderak masta erdian egongo dira.

Kontrolak

Espainiako Gobernuak polizia-kontrolak areagotuko ditu garraiobideen azpiegituretan, eta arreta berezia jarriko die jende asko biltzen den lekuei eta turismoguneei.

Horrela eman du jakitera Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Horrez gain, eta Frantziako agintariekin bat etorrita, mugetan egiten ari diren polizia-kontrolei eustea erabaki dute (hilaren 26an bukatu behar ziren). Kontrol horiek maiatzean jarri ziren indarrean futboleko Eurokopa txapelketa eta Frantziako Tourra dela-eta.

Terrorismoaren aurkako itunaren eta mehatxuaren arrisku mahaiaren jarraipen-batzordearen bileratik atera ostean egin ditu adierazpen horiek Fernandez Diazek. Adierazi duenez, bilera horretan inteligentzia zerbitzu guztiek "aho batez" erabaki dute alerta-egoera 4. mailan uztea, ez baitute ikusten Espainian atentaturik izateko berehalako arriskurik dagoenik. Horrenbestez, ez dute alerta-egoera 5. mailara igoko (alerta antiterrorista 4. mailan dago 2015eko ekainaren 26tik), baina neurriak "areagotuko" dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Parisen? Atentatuak bideoak François Hollande albisteak Jihadismoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak