Mundua -
Hauteskundeak AEB-n
Astelehenean hasiko da Clevelanden Alderdi Errepublikanoaren batzarra
Ezustekorik ezean, Donald Trump AEBko presidentegai aukeratuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astelehenean hasi eta ostegunera bitartean Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Alderdi Errepublikanoaren batzarra egingo dute Cleveland hirian eta, ezustekorik ezean, Donald Trump aukeratuko dute AEBko presidentegai.
Etxe Zurirako lasterketan, Trumpek hautagai errepublikano guztiak bazterrean utzi ditu eta bera errepublikanoen presidentegai ez izateko alderdi barrutik jarritako oztopoak ere gainditu behar izan ditu.
Hilaren 18tik 21era Clevelanden egingo duten batzarrean Alderdi Errepublikanoko hainbat ordezkari igoko dira oholtzara, hala nola, Paul Ryan, Ordezkarien Ganbarako presidentea; Ted Cruz eta Mitch McConnell senatariak edota Scott Walker Wisconsingo gobernadorea. Halaber, politika mundutik at dauden beste hainbatek ere parte hartuko dute batzarrean,Trumpen seme-alabek edota Libiako Benghazi hirian 2012an izandako erasotik bizirik irten zirena esaterako.
Bestalde, Clevelandeko hitzorduan izango da Mike Pence ere, Indianako gobernadore dena eta Trumpek haren presidente orde izendatu berri duena.
Segurtasun neurri zorrotzak Clevelanden
Alderdi Errepublikanoaren batzarraren harira, 50.000 bisitari espero dituzte eta azken hilabetetan Trump joan den toki orotan gertatu bezala haren kontrako manifestazioak eta protestak egingo dituzte Clevelanden.
Bertako agintariek aurrekaririk gabeko segurtasun dispositiboa prestatu dute eta debekatuta egongo da batzarra egingo den esparrura armak sartzea, nahiz eta hortik kanpo armak eramatea baimenduta egon. Auzitegiak egunean 20 orduz zabalik egongo dira sor daitekeen lan kargari aurre egiteko eta ia 1.000 lagun har ditzaketen atxiloketa guneak ere prestatu dituzte, 'The New York Times' egunkariaren arabera.