Mundua -

Alemanian

Errefuxiatu siriar batek emakume bat hil du matxete batekin

Gainera, beste bi lagun zauritu ditu. Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu du. Gertaera Reutligenen jazo da.

Poliziak mendean hartu du ustezko erasotzailea. Argazkia: EiTB
Poliziak mendean hartu du ustezko erasotzailea. Argazkia: EiTB
Errefuxiatu siriar bat atxilotu dute emakume bat hil ostean

2:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

21 urteko errefuxiatu siriar bat atxilotu du Poliziak Reutlingenen, Alemaniako hegoaldean, emakume bat matxete batekin hiltzeagatik, Bild egunkari alemaniarrak kaleratu duenez.

Tokiko Poliziak adierazi duenez, 16:30ak aldera hainbat herritarrek Poliziari deitu diote gizonezko batek emakumezko bat zauritu duela esanez. Jazoera autobus-geltokitik gertu izan da. Emakumezkoa hil egin da, eta erasotzaileak beste bi lagun zauritu ditu, beste emakumezko bat eta gizonezko bat, Poliziak atxilo hartu aurretik.

Segurtasun indarren arabera, gazteak matxete bat zeraman, eta bere kabuz aritu da. Halaber, ez dute uste herritarrentzako jada arriskurik dagoenik.

Bestalde, Polizia-bozeramaile batek jakinarazi duenez, atxilotuak aurrekari polizialak ditu, beste hainbat jazoeratan zenbait lagun zauritu dituelako. Dena dela, ez dute argitu noiz iritsi zen gaztea Alemaniara edo noiz jazo ziren gertakari horiek.

Joan den ostiralean, 18 urteko gazte batek Munichen egindako erasoaren ondotik (bederatzi lagun hil zituen), izua nagusitu da Alemania hegoaldeko herri horretako kaleetan. Ez dute argitu Municheko atentatua motibazio politikoengatik izan den, baina Norvegiako eskuin muturreko hiltzailea erreferentziatzat zuen erasotzaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak