Mundua -

DOKUMENTAZIOA

Kezka Alemanian, astebetean lau eraso izan ondoren

Guztiak Bavaria estatuan gertatu dira eta lau eraso horietatik hirutan erasotzaileak errefuxiatuak ziren. Ondorioz, armen kontrolari eta errefuxiatuen politikari buruzko eztabaida piztu da.

Siriako errefuxiatu bat hil da bart Ansbachen, lehergailu bat leherrarazita. Argazkia: EFE
Siriako errefuxiatu bat hil da bart Ansbachen, lehergailu bat leherrarazita. Argazkia: EFE
Astebetean lau eraso izan dituzte Alemanian, guztiak Bavarian

1:37

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemanian lau eraso izan dira azken astean, guztiak Bavaria estatuan, eta dozenaka lagun hil eta beste hainbat zauritu dira. Lau eraso horietatik hirutan erasotzaileak errefuxiatuak ziren eta laugarrenean, ostera, 18 urteko alemaniar-irandarra. Geroztik, psikosia eta errefuxiatuekiko mesfidantza nagusitu dira Europa erdialdeko lurralde horretan.

Bertako Barne Ministerioak berri eman duenez, 59 errefuxiatu edota asilo eskatzaile ikertzen ari dira joera jihadistak dituztelakoan; kasu askotan aterpetxeetan adiskide izan dituztenek ohartarazi dute Polizia. Iaz 1,1 asilo eskatzaile iritsi ziren Alemaniara eta 2016ko lehen seihilekoan, ostera, 220.000 errefuxiatu.

Gainera, armen kontrolari buruzko eztabaida ere pil-pilean dago Alemanian. Asteburuan, Alemaniako Gobernuko bi ministroa armen kontrola mugatzearen alde agertu dira. Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak armen kontrola hobetzeko aldaketarik egin behar den ala ez aztertu beharko dela adierazi du eta ildo beretik mintzatu da Sigmar Gabriel Alemaniako Ekonomia ministroa ere. Funke taldeko egunkariei egindako adierazpenetan esan du beren esku dagoen guztia egin behar dutela armetarako sarbidea mugatzeko.

Aizkorarekin egindako erasoa tren batean

Afganistango 17 urteko errefuxiatu batek lau pertsona zauritu zituen astelehenean aizkora eta labana batekin tren batean, Würzburg hiritik gertu (ABavariako estatuan). Poliziak erasotzailea tirokatu eta hil egin zuen.

Gaztea "kalifatuaren soldadu" gisa aurkeztu zen Internetera igotako bideo batean eta Estatu Islamikoaren propagandak bultzatuta jardun zuela uste dute ikertzaileek.

Municheko tiroketa

Ostiralean 18 urteko alemaniar-irandar batek 9 pertsona hil zituen Municheko Olympia merkataritza-gunean gertatutako tiroketa batean eta, gero, bere buruaz beste egin zuen. Poliziak ez du uste eraso terrorista bat izan denik; aitzitik, "ero" baten ekintza izan dela uste du, izan ere, tratamenduan zegoen depresioagatik eta estresagatik eta hilketa odoltsuekin obsesionatuta zegoen.

Matxetearekin egindako erasoa

21 urteko errefuxiatu siriar batek emakume bat hil zuen Reutlingen udalerrian igandean, matxete batekin. Alemaniako Polizia genero indarkeria kasu gisa ikertzen ari da erasoa.

Bonba bat leherrarazi dute

27 urteko Siriako errefuxiatu bat hil zen igandean Ansbachen, lehergailu bat zartarazita eta gutxienez beste 12 pertsona zauritu zituen. Polizia eraso islamistaren hipotesia ikertzen ari da. Gizona duela bi urte heldu zen Alemaniara eta Ansbacheko ostatu batean bizi zen. Asiloa eskatu zuen, baina iaz ukatu zioten. Hala ere, Bulgariara kanporatzekoa zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Alemania argazkiak Angela Merkel Eguneko albisteak