Mundua -
Ikerketa
Ansbacheko erasotzaileak ISISi leialtasuna aitortu zion bideo batean
Gainera, Alemanian atentatuak egitearekin mehatxu egin zuen beste bideo batean, 'mendeku' gisa. Amaq agentziaren arabera, ISISek egindako eskaerei erantzunda egin zuen atentatua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bart Alemaniako Ansbach hirian lehergailu bat leherrarazita hil zen eta beste 12 pertsona zauritu zituen 27 urteko errefuxiatu siriarrak jihadismoarekin loturiko bideoak zituen haren eskuko telefonoan eta ordenagailuan. Aipaturiko bideo horietako batean Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko buruari leialtasuna ere aitortu zion, Joachim Herrmann Bavariako Barne Ministroak berri eman duenez. Dena den, oraingoz ez dute erasoa nazioarteko talde terroristarekin lotzen duten frogarik aurkitu.
Halaber, erasotzaileari atzemandako beste bideo batean Alemaniaren kontrako atentatuak egitearekin mehatxu egiten zuen; "mendeku" gisa. "Gizonaren eskuko telefonoan islamaren izenean Alemaniaren kontra atentatuak egitearekin mehatxu egiten zuen bideo bat aurkitu dute", adierazi du Hermannek kazetarien aurrean. Haren esanetan, Alemaniaren kontrako "mendekua" zen, islamaren bidean jartzeagatik eta musulmanen heriotzagatik.
Bildutako dokumentazioaren "behin-behineko" itzulpena egin ondoren ateratako ondorioak azaldu ditu Joachim Herrmann Bavariako Barne Ministroak, gaur, kazetarien aurrean. Gainera, Herrmann Bavariako Barne ministroak "eraso terrorista" izan dela azpimarratu du eta oinarrian islamismoa dagoela zehaztu du.
Agintariek hainbat froga aurkitu dituzte erasotzailearen etxean egindako miaketan eta, horien arabera, erasotzailearen asmoa ahalik eta hildako gehien eragitea zen, analisien emaitzen zain.
Bestalde, erasotzaileari atzemandako objektuen artean bonbak egiteko erabili ahal zitekeen materiala dago, hala nola, gasolina bidoi bat, azido klorhidrikoa, pilak, alanbreak, harri-koskorrak. Gainera, bi eskuko telefono, hainbat SIM txartel, 50 euroko billete sorta eta Estatu Islamikoarekin loturiko argazkiak eta irudiak atzeman dizkiote haren ordenagailu batean.
Gizona Ansbacheko ostatu batean bizi zen eta duela bi urte heldu zen Alemaniara. Asiloa eskatu zuen, baina iaz ukatu zioten eta Bulgariara kanporatu behar zuten. Aurrez, bi aldiz bere buruaz beste egiten saiatu zen eta ospitale psikiatriko batean egona zen.
Estatu Islamikoaren ekintza izan dela dio Amaq albiste agentziak
Ansbacheko erasoa Estatu Islamikoko "soldadu" baten kontua izan dela argitaratu du SITE webguneak, Amaq albiste agentzia aipatuz.
"Estatu Islamikoaren kontra borroka egiteko koalizioko herrialdeei egindako deialdiei erantzunez egin zuen erasoa", adierazi du Amaq albiste agentziak.
Fiskaltza federalak ikertuko du
Alemaniako FIskaltza federalak jakinarazi du bere gain hartu duela Ansbachen izandako atentatuaren ikerketa, balitekeelako egilea Estatu Islamikoaren izenean jardun izana.
Ohar baten bidez zabaldu duenez, Poliziak gaztearen telefonoan aurkitutako bideoa nabarmendu du Fiskaltzak. Bertan, Abu Bakr Al-Baghadi ISISEn buruaren jarraitzaile gisa aurkezten da, kaputxa bat buruan duela.
Fiskaltza Federalak berak egingo du ikerketa, organizazio terrorista baten kide delakoan, hiketa saiakeragatik eta zehaztu ahal izateko bakarrik jardun zuen edo beste kideren batek ere parte hartu ote zuen.