Mundua -
Demokraten biltzarra
Obamak Clinton babestu du: 'Inoizko hautagairik prestatuena da'
AEBko presidenteak hautagai demokrata goretsi du eta hitz gogorrak izan ditu Trumpen kontra. "Herri honen handitasun eta indarra ez dago Trumpen menpe", erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
"Lasai esan dezaket, AEBko Presidentetzarako inoizko hautagairik prestatuena da Hillary Clinton", esaldi horrekin, babes hertsia eskainita, Hillary Clintoren alde egin du Barack Obama AEBko presidenteak Alderdi Demokrataren biltzarrean. Nabarmendu duenez, AEBko lehen emakume presidentegaia bera edo Bill Clinton baino askoz hobeto prestatua dago kargurako.
"Lekukoa emateko prest" agertu da Obama, eta lausenguak baino ez ditu izan bere ondorengoa izan daitekeenari. "Krisi betean egonda ere, pertsonei entzuten die Hillaryk, lasai egoten da, eta errespetuz tratatzen ditu. Kale egiteko aukerak handiak direnean ere, bera hondoratzeko saiakerak ugariak izanda ere, Hillary ez da inoiz errenditzen, inoiz ere ez", azpimarratu du.
Boto-emaile demokratei Clintonen alde egiteko eskatu die Obamak, behinola bere alde egin zuten bezala. Duela 12 urte, bere hautagaitza lehen aldiz aurkeztu zuenean, aipatu zuen "itxaropena" AEBko herritarrak dira, gogorarazi du.
Trumpen aurrean, "baikortasuna"
Donald Trump hautagai errepublikanoarentzat, aldiz, hitz gogorrak izan ditu buruzagi estatubatuarrak. "AEB herrialde handia eta indartsua da. Zin dagizuet, gure handitasuna, gure indarra, ez da Donald Trumpen menpe egongo", aldarrikatu du.
Trumpek eta errepublikanoek darabilten diskurtso apokaliptikoari aurre eginez, AEB "ausardiaz, baikortasunez, zintzotasunez eta eskuzabaltasunez" beteta dagoen herrialdea direla azpimarratu du Obamak.
Harago jo du presidente estatubatuarrak, eta esan du "amets amerikarra" ez duela "inongo harresirik geldituko", Trumpek Mexikoko mugan egin asmo duen hormari erreferentzia eginez.
Obamaren aburuz, "esloganak baino ez ditu ahoan Trumpek, beldurra baino ez du sortzen".
Besarkatuta
Obamak hitzaldia bukatu duenean taula gainera igo da Clinton, eta biak besarkatu dira, publikoaren txalo artean.
Etxe Zurirako hautagaitza onartzeko hitzaldia egingo du gaur Clintonek, eta horrelaxe bukatuko da biltzarra.