Mundua -

eitb.com-en erreportajea

Thailandiaren azken ordua eman digu bertatik euskal herritar batek

eitb.com-ek emaztearekin batera Thailandian bizi den euskal herritar batekin hitz egin du.

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Thailandia krisi politiko sakonean murgilduta dago 2006 urtean Thaksin Shinawatra lehen ministroa estatu kolpe batez agintetik kendu zutenetik. Agintari ohia aberatsa da eta ustelkeria auzi askotan nahasita dago, baina ospe ona lortu du txiroen artean.

Harrezkero, "alkandora gorriak" (oposizioko ekintzaileak) kalera atera dira Abhisit Vejjajiva egungo lehen ministroa eroriarazi eta hauteskundeak aurreratzen saiatzeko. Baina hasieran protestak baketsuak izan baziren ere, hilabeteek aurrera egin ahala gordintzen joan ziren, eta azken asteetan bortizkeria ekintza, istilu eta jazarpen ugari izan dira. Gutxienez 85 pertsona hil dira ondorioz.

Tentsio une handiena asteazkenean izan zen, Armadak indarrez hustu baitzuen "alkondara gorri"ek Bangkokeko erdigunean zuten kanpamendua. Eremu hori oso handia zen, "Bilbon Jesusen Bihotza plazatik Alde Zaharrera beste", Gorka Laredok, Thailandian bizi den euskal herritar batek, eitb.com-i azaldu dionez.

Gorka Getxokoa da eta 33 urte ditu. Iaztik bizi da Thailandian, Amaia haren emaztearekin batera. Hain zuzen ere, Najomtien herrian dute bizitokia, hots, Bangkoketik ordu eta erdira.

Gorkak azaldu duenez, asteazkeneko istilu larrien ostean, "asteburu honetan badirudi egoera normaltzen hasi dela".

"Herrialdeko gainerako tokietan normal daude, baina Bangkoken garbitze eta berreraikitze lan asko geratzen dira egiteke", erantsi du.

Hori bai, zehaztu duenez, "azken astean, frankotiratzaile batzuek alkandora gorrien buruzagietako bat hil eta gero, dena larritu egin da".

"Astelehenetik kezka handiagoa atzematen genuen jendearen artean, thailandiarren zein atzerritarren artean", baina, aldi berean, "thailandiarrek garrantzia kendu nahi zioten gertatzen ari zenari", iragan hurbilean "gertakizun larriagoak" bizi izan dituztela argudiatuta.

Ebakuazio plana lanean

Egoerak okerrera egingo balu, Gorka etxera itzuli ahal izango litzateke, bere enpresan Krisia Kudeatzeko plan bat sortu baitute.

"Une honetan hirugarren arrisku mailean geunden, lauko eskalan. Laugarrenera helduz gero, hemen gauden 12 atzerritarrak [gainerakoak Brasilgoak, Belgikakoak eta Australiakoak dira] ebakuatzeko plana abiatuko lukete", azaldu du.

Plana martxan jarri behar izanez gero, Singapurrera eramango lituzkete, eta bertan erabakiko lukete zer egin, hau da, Thailandiara bueltan edo etxera eraman.

Etxeratze agindua 20:00etatik 06:00etara

Asteazkenean Armadak egindako erasoaldiaren ondoren, Gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen 20:00etatik 06:00etara.

Gorkak azaldu egin digu nolakoa den egunerokoa etxeratze agindua egonda: "Aste barruan eragina izan du gure egunerokoan. Adi egon behar ginen etxean garaiz egoteko, eta denda gehienak itxita zeuden 18:00etan, baina askok ez dituzte ezta ireki ere ateak, badaezpada".

Azken finean, ez da komeni agindua urratzea: "Tarte horretan kalera ateratzen bazara, baliteke 1.000 dolarreko (806 euro) isuna ordainaraztea edota, teorian, tiroak jasotzea ere... Badaezpada ez dugu egin proba".

Une honetan badirudi indarkeria kontrolpean dagoela, baina krisi politikoa ez da konpondu. Ezta konpontzetik gertu ere egon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea