Mundua -
Atentatu jihadista
Musulmanak eta katolikoak errezoan batera, Normandiako erasoa eta gero
Frantziako musulmanek igandeko mezarekin egin dute bat gaur herrialde guztiko hainbat hiritan, joan zen asteartean izandako atentatuaren ondotik egindako deialdiari erantzunez.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako musulmanek igandeko mezarekin egin dute bat gaur herrialde guztiko hainbat hiritan. Modu horretan joan zen asteartean Normandian (Frantzia) gertatutako atentatu jihadistaren ondotik egindako deialdiari erantzun diote. Aipatu erasoan erretore bat hil zuten, meza ematen ari zela.
Gurtza Musulmanaren Frantziako Biltzarrak (CFCM) dei bat egin zien Frantziako islameko fededunei Saint Étienne du Rouvray elizako Jacques Hamel aipazaren erailketaren aurrean (Estatu Islamikoak bere gain hartutakoa) gaitzespen orokorra adierazteko.
Hilketaren egileak (Adel Kermiche eta Abdel Malik Petitjean) 19 urteko bi gazte dira, eta beste eliztar bat zaurituta utzi zuten poliziak haiek hil aurretik. Zerbitzu sekretuek bazuten haien berri Siriara joaten saiatu baitziren Estatu Islamikoarekin bat egiteko asmoz.
Gaur, Ruaneko katedraleko meza izan da arreta gehien piztu duena. Bertan, 100 bat musulman izan dira beste 2.000 fededun katolikorekin batera.
Gauza bera errepikatu da Frantzia osoko beste basilika batzuetan ere: Saint Denis, Amiens, Estrasburgo edo Clermont Ferrand.