Mundua -
Marea beltza
BP petrolio-hobia ixten saiatzen ari da Mexikoko Golkoan
Lokatz astuna erabiliz isuria geldiarazi nahi du British Petroleum konpainiak. Mota horretako operazio bat 1.500 metroko sakoneran egiten den lehen aldia da.
Erredakzioa
''Top kill'' izeneko operazioa hasi dela iragarri du gaur British Petroleum (BP) konpainiak. Mexikoko Golkora egunero milaka petrolio upel isurtzen dituen petrolio-hobia zigilatu nahi du BPk operazio horretan. Lokatz astuna erabiliz isuria geldiarazi nahi du enpresak.
Mota horretako operazio bat 1.500 metroko sakoneran egiten den lehen aldia da, eta arrakasta izateko probabilitatea % 60-70ekoa dela azaldu du BP konpainiak.
Era berean, operazioak arrakasta izateko "bermerik ez" dagoela esan du gaur Barack Obama AEBEtako presidenteak Kalifornian emandako hitzaldian. Gainera, energia alternatiboen ikerketa eta inbertsioa defendatu ditu.
Kostazainen baimena
AEBetako Kostazainek zigilatzeko lanak egiteko baimena eman, eta handik gutxira operazioa hasi da.
Gobernuko zientzialariei aholku eskatu ostean petrolio-hobia zigilatzeko saiakera onartu dute Kostazainek.
Egunero 800.000 litro petrolio isurtzen ditu hobiak, apirilaren 20an Deepwater Horizon petrolio-plataformak eztanda egin zuenetik.