Mundua -

Erabakia

Akihito Japoniako enperadoreak abdikatzeko nahia iragarri du

Japoniako legediak ez du aurreikusten erregea bizirik dela ondorengotza prestatu dezakeenik, eta, ondorioz, bertako legedia aldatu beharko litzateke.

Akihito Japoniako enperadoreak abdikatzeko nahia iragarri du. Agazkia: EFE
Akihito Japoniako enperadoreak abdikatzeko nahia iragarri du. Agazkia: EFE
Akihito Japoniako enperadoreak abdikatzeko nahia iragarri du. Agazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akihito Japoniako enperadoreak abdikatzeko borondatea iragarri du astelehen honetan, abuztuak 8, tokiko telebista kate batean. Osasun arazoak eta adin handia dira erabaki hori hartzera behartu duten zergatiak, baina Japoniako legediak ez du aurreikusten erregea bizirik dela ondorengotza prestatu dezakeenik, eta, ondorioz, bertako legedia aldatu beharko litzateke.

Japoniako telebista kate batek zabaldu duen mezu batean, eguneroko bizitzan “muga ugari” dituela azaldu du Akihitok. Halaber, bi ebakuntza egin behar izan dizkiotela jakinarazi du, eta azken hilabeteotan bere “egoera fisikoak okerrera” egin duela esan du 82 urteko enperadoreak. Horrenbestez, “erantzukizun handiko eginkizunetan” zailtasun asko dituela azpimarratu du.

Bere hitzaldiak hamar minutuko iraupena izan du, eta ez dio aipamen zuzenik egin bere abdikazioari. Modu berean, ez du zehaztu nahi izan noiz izango den abdikazioa aurkeztuko duen eguna. Portaera hori, errespetu falta handi bat bezala har liteke japoniar Magna Cartak esleitzen dizkion betebeharrak kontuan izanda.

“Enperadore gisa egin dudan lanaren inguruan gogoeta sakona egin dut azken urteotan, eta etorkizunari begira nire betebeharrak nola burutu ahal izango ditudan pentsatzen ibili naiz (…) Alde horretatik, orain arte Estatuaren ordezkari gisa egin ditudan lan horiek ongi burutzea zaila izango dela uste dut”, azaldu du Akihitok.

1989. urtean, bere aita hil ondoren, enperadore egin zuten Akihito. Urte hauetan zehar, soilik bi agerraldi egin ditu Japoniako telebistan. Aurrekoa, 2011ko martxoan izan zen, lurraldea hondatuta utzi zuten lurrikara eta tsunamiaren ostean. Edozein modutan ere, bere gogoeta pertsonalen inguruan hitz egiten duen lehenengo aldia izan da honakoa.

Hala ere, enperadoreak bere karguari uko egiteko aukera izan dezan, eta bere semeak, Naruhitok, tronua hartzeko eskubidea izan dezan, legea aldatu beharko dute. Izan ere, 1947an onartu zuten legediak ez du aurreikusten erregea bizirik dela ondorengotza prestatu dezakeenik.

Beste alde batetik, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak enperadorearen hitzak kontuan izango dituela jakinarazi du: “Enperadorearen osasuna kontuan izanda emango ditugu urratsak, bere karguak duen pisua jakitun izanda”.

Hala, bere ondorengotzaren nondik norakoak eztabaidatzeko asmoz ireki dezaketen prozesu legegileak beste motatako eskaerei ere erantzuna eman liezaieke, hala nola, enperadorearen oinordekoa emakumea izatea.

Tokiko hainbat hedabidek egin dituzten galdeketen arabera, elkarrizketatu dituzten japoniarren % 80 eta % 90 bitartean Akihitoren abdikazioari babesa emango liokete, azkenean, osasun arazoak direla eta, bere kargua uztea erabakitzen badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Japonia albisteak Albisteak Gaur Albisteak