Mundua -
Marea beltza
Ur sakonetan esploratzeko debekua luzatu du Obamak
British Petroleum konpainiaren petrolio-hobia zigilatzeko operazioak isuria gelditu du momentuz, AEBetako Kostazainen hitzetan.
Erredakzioa
Ur sakonetan zulaketa berriak egiteko debekua sei hilabete luzatu duela iragarri du gaur Barack Obama Ameriako Estatu Batuetako presidenteak.
Prentsaurrekoan, petrolio-plataformak ikuskatzeko ardura duen agentzian urteetan zehar "ustelkeria" nagusi izan dela adierazi du Obamak. Agentzia horretako buruzagiak dimititu egin du gaur.
Petrolio-hobia itxi dute
Atzo ''Top kill'' izeneko operazioa hasi zuen British Petroleum (BP) konpainiak eta dagoeneko, momentuz, petrolio isuria gelditzea lortu du. Mexikoko Golkora egunero milaka petrolio upel isurtzen dituen petrolio-hobia zigilatu du BPk operazio horretan, lokatz astuna erabiliz.
Mota horretako operazio bat 1.500 metroko sakoneran egiten den lehen aldia da.
Ordea, atzo operazioak arrakasta izateko "bermerik ez" zegoela esan zuen Barack Obama AEBetako presidenteak Kalifornian emandako hitzaldian. Gainera, energia alternatiboen ikerketa eta inbertsioa defendatu zituen.
Kostazainen baimena
AEBetako Kostazainek zigilatzeko lanak egiteko baimena eman, eta handik gutxira hasi zen operazioa.
Gobernuko zientzialariei aholku eskatu ostean petrolio-hobia zigilatzeko saiakera onartu dute Kostazainek.
Egunero 800.000 litro petrolio isurtzen ditu hobiak, apirilaren 20an Deepwater Horizon petrolio-plataformak eztanda egin zuenetik.