Mundua -
Hondamendia
Suteei aurre egiteko EBren laguntza eskatu du Portugalek
Dagoeneko Canadair Italiako hidrohegazkina jaso dutela baieztatu du Constança Urbano de Sousa Portugalgo lehen ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
Portugalgo Gobernuak Europar Batasunari (EB) laguntza eskatu dio, sute-oldeari aurre egiteko. Madeirako artxipelagoan, Funchal hiriburuan, sugarrek hiru hildako eta ehunka zauritu utzi dituzte.
Babes zibileko Europako mekanismoa martxan jarri eta dagoeneko Canadair Italiako hidrohegazkina jaso dutela baieztatu du Constança Urbano de Sousa Portugalgo lehen ministroak.
Haizea eta tenperatura altuak etsai nagusiak dira Funchaleko sute handiari aurre egiteko orduan. Suak Madeirako hiriburua estutasunean jarri du.
Sua hiri malkartsuko alde garaian hasi zen eta 24 urteko piromano batek kitzikatu zuen. Bart erdialde historikora heldu zen. Sugarrek hondamendiaren arrastoa utzi dute atzean.
Bertako buruzagien arabera, sua aktibo dago eta fronte ezberdinak ditu, baina ez hain bizi. Lisboako eta Azoreetako laguntza heldu da.
Balantze ofizialaren arabera, behin-behinekoa oraindik, familia bereko hiru kide hil dira, mila bat pertsona ebakuatu behar izan dituzte eta 300 bat pertsona zauritu dira, gehienak kea arnastuta.
Kalte materialei dagokionez, suak dozenaka etxebizitza kiskali ditu, merkataritza-gune bat eta luxuzko hotel bat hiriko ekialdean: Choupana Hills Resort & Spa.
Turistek alde egin dute
Funchalek 120.000 bat biztanle ditu eta Cristiano Ronaldo futbolaria bertakoa da. Portugalen bisita gehien jasotzen dituen hiria da. Ondorioz, turista atzerritar asko hiritik atera behar izan dituzte.
Ezohiko bilera batean, Madeirako Exekutiboak Lisboari laguntza ekonomikoa eskatu dio, berreraikitzeko eta suak hondatutako azpiegiturak eta jarduera ekonomikoak eta sozialak berreskuratzeko.
Aveiro, Oporto eta Leiria
Ez dira bakarrak; izan ere, Portugal kontinentalean ehun bat sute daude, horietako dozena bat inguru handiak dira.
Larriena iparraldean, Aguedan (Aveiro) dago, Babes Zibileko Agintaritza Nazionalak (ANCP) azaldu duenez.
Iparraldean ere, Oportoko barrutian, sugarrek Gondomarreko herriak aztoratu dituzte. Bitartean, Leirian (erdialdea) beste sute handi batek kezkatzen du.