Mundua -
'Askatasunaren Ontzidia'
Atxilotutako atzerritar guztiak askatzea adostu du Israelek
- Arabiar estatuetako 124 herritar askatu ditu Israelek.
- Laura Arau ekintzaile espainiarrak deportazio akta sinatu du. Ondorioz, aberriratzeko izapideak berehala hasiko dira.
Erredakzioa
Gazako Zerrendaren blokeoa saihesten saiatu zen ontzidiari eraso egin ostean ehunka ekintzaile atzerritar atxilotu zituen Israelgo Armadak eta horiek askatzea eta erbesteratzea adostu du gaur azken orduan, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaileak jakitera eman duenez. Zenbait ekintzaile epaitzeko mehatxu egin dute Israelgo agintariek, baina erabaki horren ondorioz aske geratuko lirateke.
Manuel Tapial eta David Segarra espainiarrek ere erabaki horretatik onura atera dezakete, izan ere, deportazio akta sinatu ala ez erabaki behar zuten gauean. Laura Arau ekintzaileak sinatu du dagoeneko, ondorioz, aberriratzea berehala egitea espero dute.
Nazioartearen presioa
Lehenxeago ''Askatasunaren Ontzidi''ko ekintzaileak eta ontziak "berehala askatzeko" eskatu dio Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Israeli.
Rasmussenek ezbeharra deitoratu du eta gertatutakoari buruzko ikerketa "azkarrra, inpartziala, sinesgarria eta argia" egiteko eskatu du; NBEk eta EBk ere gauza bera eskatu dute.
Bestalde, NBEko Segurtasun Kontseiluak "deitoratu" egin ditu Israelek Gazara zihoazen ontzi humanitario batzuei egindako erasoaren ondorioz jazotako heriotzak, eta gertatutakoa gaitzetsi du, baina ez Israelgo Gobernua, eta ez du zigortu ere.
Hamabi orduko negoziazioen ostean, Kontseiluak "ikerketa bizkorra, inpartziala, sinesgarria eta gardena" abiatzeko eskatu du, Gazaren egoera "onartezina" dela iritzi dio, eta Palestinaren eta Israelen arteko gatazka "elkarrizketaren bidez" baino ez dela konponduko nabarmendu du.
Giza Eskubideen Kontseilua
''Askatasunaren Ontzidia''ri egindako erasoaz premiazko eztabaida egin du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak, eta Israelek Nazioarteko Lege Humanitarioa urratu duela adierazi dute hitza hartu duten gehienek.
Eztabaida amaitu ostean, Konferentzia Islamiarreko Erakundeak (OCI) eta Herrialde Arabiarren taldeak bultzatutako adierazpena bozkatuko dute. Ontzidiaren kontra egindako erasoa gaitzesten du adierazpen horrek, eta ikerketa batzorde independente bat martxan jartzea eskatzen du.
Saioa gaur asteazkena jarraitzea espero dute, hizlari ugari aurrikusita daudelako.
124 atxilotu askatu dituzteArabiar estatuetako 124 herritar askatu ditu Israelek arratsaldeko azken orduan. Askatuak errepidean dira Jordaniara bidean, Abderraman Saidi Aljeriako krisi zelulako koordinatzaileak.
''Askatasunaren ontzidia''n Aljeriako 32 herritar ziren eta horietako batzuk aske geratu direla esan du Saidik.
Jordaniako, Libanoko eta Kuwaiteko herritarrak aske geratu direnen artean daude, koordinatzailearen arabera.Bien bitartean, ontzietan zihoazen ekintzaile gehienek, 500 baino gehiago, atxilotuta jarraitzen dute.
Hiru espainiarrak, atxilotutakoen artean
Hain zuzen ere, espetxeratutakoen artean ontzietan zihoazen hiru espainiarrak ere badaude, hau da, Manuel Tapial eta Laura Arau langile humanitarioak eta David Segarra kazetaria, ez dutelako espainiaratzea onartu.
Miguel Angel Moratinos Kanpo Gaietarako ministroak azaldu duenez, hirurak Beer Sheva zentroan daude, haien auzia noiz konponduko zain, baina Tapialen gurasoek uste dute beste leku batean daukatela.
Moratinosek deportazioa sinatzea gomendatu die. Laura Arau ekintzaile espainiarrak hori egin du dagoeneko, deportazio akta sinatzea, alegia. Ondorioz, aberriratzeko izapideak berehala hasiko dira, Atzerri Ministerioak jakitera eman duenez.
Datozen 48 orduetan deportatzea espero du Ministerioak. Bien bitartean, atxiloketa zentro batean izango da, Ben Gurion aireportura eraman arte, aberriratzeko.
Akatsak izan direla onartu du Armadak
Ontzidi solidarioari egindako erasoan akatsak izan direla onartu du Israelgo Armadak. Horrela, Inteligentzian hutsegite bat izan zela azpimarratu dute erasoan parte hartu zuten agintari militarrek.
"Taldeko ekintzaileek horrela eraso egitea ez genuen espero, izan ere, laguntza humanitario bat ziren", azaldu du erasoa egin zuen taldeko komandanteak. Itsas Armadako teniente bat da eta ez du izenik eman, baina baimen berezia jaso du Israelgo Armadaren irratian elkarrizketatzeko.Bestalde, Israelgo Armada Gazara laguntza humanitarioa eraman nahi duen beste ontzi bat geldiarazteko prestaketetan dago, atzoko sarraskiak nazioartean piztutako haserreari entzungor eginda.
Armadaren irrati-kateak informatu duenez, baliteke MV Rachel Corrie ontzia bihar heltzea Gazako uretara. Eta bere izena eman nahi izan ez duen teniente batek aurreratu du "erraza" izango dela abordatzea.
Egiptok Gazako muga ireki du
Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak Rafahko muga, Egipto eta Gaza batzen dituena, zabaltzeko agindua eman du laguntza humanitarioa bidatzeko eta gaixotutako palestinarrak Egipton sartzen uzteko.
Alde egiptoarreko prentsa zentroaren arabera, mugako agintariek gaur zabaltzeko agindua jaso dute, baina ez dakite noiz arte mantenduko duten zabalik.
Muga bihar irekitzeko asmoa zuten, baina Israelgo Armadak Gazara laguntza humanitarioa zeraman ontzidiari egindako erasoaren ondorioz aurreratu egin dute.
Egiptok Israelek bezala, Gazako muga itxita dauka eta noizean behin ireki egiten du laguntza humanitarioa sartu dezaten.
Hamas talde islamiarrak Gazako Zerrendaren kontrola eskuratu zuenetik, lehenengo 2006ko hauteskundeetan eta ondoren, Al Fatahko aurkariak kanporatuz 2007an, Israelek blokeo ekonomikoa ezarri du Gazan.