Mundua -
Tragedia
6.500 pertsona erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan
Urtea hasi zenetik 3.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan barrena Europara iritsi nahian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
6.500 pertsona baino gehiago erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan, Italiako kostazainek zabaldutako datuen arabera. Italiako agintariek azaldu dutenez, Siziliako itsasartean, Italia hegoaldean eta Tunisiako eta Libiako kostaldearen parean hainbat erreskate operazio egin dituzte eta kostazainez gain, Proactiva Open Arms eta Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeek ere lan egin dute.
Italiako kostazainek beren Twitter kontuan azaldu dutenez, 40 erreskate operazio koordinatu dituzte eta gobernuz kanpoko erakundeek 6.500 pertsona inguru salbatu dituzte.
Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, "estatuek lotsa sentitu beharko lukete gizateria hilerri bihurtu den itsasoan hiltzen ari dela ikusita".
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak jakinarazi duenez, haren 'Dignity 1' itsasontziak parte hartu du erreskate lanetan.
Urtea hasi zenetik 3.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan barrena Europara iritsi nahian eta horietatik 4tik 3 Afrika iparraldetik Europara irisi nahian hil ziren, Nazioarteko Migrazio Erakundeak zabaldutako datuen arabera.