Mundua -

Aberriratzea

Israel ekintzaileak deserriratzen hasi da

Ehunka ekintzaile daramatzaten Turkiako hegazkinak Ben Gurioneko aireportutik aireratu dira, Istanbulera eta Ankarara bidean. Ontzidian zihoazen hiru ekintzaile espainiarrak hegaldi horietan doaz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendara laguntza eramaten saiatu zen ontzidiko ekintzaile atzerritarrak deportatzen hasi dira Israelgo agintariak. Bien bitartean, ''Askatasunaren Ontzidi''ko ekintzaileek talde terrorista islamiarrekin loturak dituztela errepikatu du Israelek.

Zauritutako dozenaka ekintzaile daramatzaten Turkiako lau hegazkin Ben Gurioneko (Tel Aviv) aireportutik abiatu dira, Israeleko iturri ofizialek azaldu dutenez. Lau hegazkinak Ankarara doaz.

Era berean, Turkiako beste hiru hegazkin aireratu dira israelen, Istanbulen lur hartzeko, 500 bat ekintzaile daramatzatelarik.

Espainiako ekintzaileak

Manuel Duran Espainiako enbaxadaren arduradunak azaldu duenez, Istanbulera abiatu diren hegaldietan ontzidian zihoazen hiru ekintzaile espainiarrak daude.

Ekintzaileak Laura Arau kataluniarra, Manuel Tapial madrildarra (biak Kultura, Bakea eta Elkartasuna Haydee Santamaria gobernuz kanpoko erakundeko kideak) eta David Segarra valentziarra, Telesur Venezuelako telebista katearen kazetaria, dira.

Hiru hegazkinak 15:00etan aireratu behar ziren, baina "arazo administratiboek" irteera atzeratu dute, Igal Palmor Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez.

Herrialde musulmanetako herritarrak

Atzo, ekintzaileetako 120 itzuli ziren haien herrialdetara, Allenbyko pasagunetik (Jordania). Gehienak herrialde musulmanetako herritarrak dira.

Beste 45 Ben Gurion aireportutik deportatu zituzten, aberriratze txostena sinatu eta gero.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak agindu zuen ekintzaile guztiak deportatzea. NBEko Segurtasun Kontseiluak ontzi eta ekintzaile "guztiak" askatzeko eskatu zion Israeli.

Aldez aurretik, Tel Aviveko Gobernuaren asmoa ekintzaileetako batzuk auzipetzea zen. Bideo batzuetan soldaduen aurka egiten ikusten direnak, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea