Mundua -

Istanbul

Milaka lagun Turkiako ekintzaileen hiletetan

Manuel Tapial eta Laura Arau ostiral honetan itzuliko dira Bartzelonara. Ekintzaile espainiarrek tratu txarrak salatu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Istanbulen milaka lagunek parte hartu dute Israelgo komandoen erasoan hildako ekintzaileen hileta elizkizunetan.

Hildako bederatziak turkiarrak ziren eta horietako batek Estatu Batuetako pasaportea zeukan. Ekintzak haserre handia eragin du gizartean eta Abdula Gul Turkiako presidentea Estatuko terrorismoaz mintzatu da.

''Askatasunaren Ontzidia''n Israelek bahitu eta atzo aske utzi zituen 500 ekintzaileak Istanbulen (Turkia) daude jada. Bart heldu ziren hegazkinez, 02:40an (01:40 Euskadin), hain zuzen ere.

Haien artean ontzi humanitarioetan zihoazen hiru espainiarrak ere badaude: Manuel Tapial eta Laura Arau Cultura, Paz y Solidaridad Haydee Santa Maria GKEko kideak eta David Segarra kazetaria.

Istanbulera heltzean, Israelgo agintariek tratu txarrak eman dizkietela salatu dute, EFE agentziari egindako adierazpenetan.

Hirurak ondo daude, eta Tapial eta Arau bihar bertan itzuliko dira Bartzelonara. Oraindik ez dago argi noiz egingo duen Segarrak.

Tapialek azaldu du Israelgo zerbitzu sekretuak hiru orduz galdekatu zuela, eta hiru egunetan behin baino ez ziotela eskaini janaria.

"Armadako komandoek gure aurpegietara apuntatu zituzten euren armak, nazioarteko kazetari bezala identifikatuta bageunden ere. Aurpegiak estali zizkiguten eta gure lan guztia ostu ziguten", salatu du Segarrak.

Halakoa izan zen Israelen erasoa

Segarrak Israelen erasoa nolakoa izan zen azaldu du: "Prentsa gelan geunden, eta bat-batean komunikazio guztiak eten ziren. Internet, telebista, satelitea, telefonoak... Jakin bagenekien Israelgo Armadaren gerra elektroniko ekintza zela".

"Une horretan, kamerak hartu eta kanpoan zer gertatzen ari zen ikustera joan ginen, eta komandoekin topo egin genuen. Txalupa bizkorretan zeuden, baina helikopteroz ere etortzen ari ziren guregana", esan du, Telesurren eskainitako elkarrizketa batean.

"Tiro egiten hasi ziren, benetako sua eta soinu eta kontusio granadak jaurtitzen. Lehen biktimak ikusi genituen. Grabatzen jarraitu genuen eta gero eta biktima gehiago ikusi genituen".

Israelgo Gobernuak ziurtatu du ekintzaileek armak zituztelako egin zutela eraso soldaduek. Segarrak erantzun egin dio: "Guztiz lotsagarria da hori esatea armarik ez zuten zibilen aurka gerraontziak, itsaspekoak, helikopteroak eta goi-mailako soldaduak bidaldi zituela kontuan hartuta".

"[Ekintzaileek] erabili zituzten gauza bakarrak egurrezko makilak eta sukalde labanak izan ziren, hots, munduko edozein ontzitan dauden gauzak, eta horiekin ezin zaie aurre egin arma ugari dituzten goi-mailako soldaduei".

Ekimen humanitarioa antolatu zuen GKEko presidenteak, Bulent Yldririm-ek, ere azalpenak eman ditu: "Gure lagunetako bat tiroz hil zuten, amore eman bazuen ere. Bonbekin eta benetako balekin eraso ziguten. Cevdet gure laguna kazetaria zen, argazkiak ateratzen baino ez zegoen egiten, eta tiroa eman zioten buruan metro batetik".

"Erresistentzia baketsua egin genuen. Haien armak hartu eta tiro egin geniela esan dute. Bai, haien armak hartu genituen, baina itsasora botatzeko", azpimarratu du.

Bestalde, Telecincon egindako adierazpenetan, Tapialek esan du soldaduek txalupetatik bertatik jaurtitzen zituztela bonbak. Gainera, hildakoak ofizialki aitortutako bederatziak baino gehiago izan litezkeela ohartarazi du.

Hain zuzen ere, IHH gobernuz kanpoko erakundeak 16 eta 20 artean zenbatu ditu, soldaduek itsasora bota baitzituzten gorpu asko.

Hildakoak, turkiarrak

Hain justu, Israelek entregatu dituen bederatzi gorpuetako zortzi turkiarrak dira, herrialde hartako medikuek gaur baieztatu dutenez. Bestea turkiar jatorria zuen estatubatuar bat zen.

Turkiako gainerako ekintzaileak artatzen ari dira orain, haien osasun egoera nolakoa den aztertzeko. Izan ere, batzuek salatu dute pozoitu egin dituztela.

Israel, auzitara?

Bulent Arinc Turkiako lehen ministrordeak ziurtatu du lehenik eta behin azterketa mediko horien emaitzak ezagutu nahi dituztela, Israel auzitara eramango duten aztertzeko.

Ankarako fiskal nagusia zaurituetako batzuk galdekatzen hasi da gaur, eta heriotzak eta zaurituak eragin dituzten israeldarren aurka prozesua abiatzea aurreikusten du.

IHH gobernuz kanpoko erakunde turkiarrak salatu du hiru ekintzaile desagertuta daudela eta hilik egon litezkeela.

IHHko presidenteak gaineratu du ontzietan zeuden medikuek 38 zauritu eman zizkietela Israelgo agintariei, baina haiek 21 baino ez dituztela deportatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea