Mundua -
Krisiaren aurkako plana
Defizitak 'bizimoduari' eragingo diola ohartarazi du Cameronek
George Osborne Ekonomia ministroak defizit publikoa murrizteko larrialdiko aurrekontua ezagutzera emango du Parlamentuan ekainaren 22an.
Erredakzioa
Erresuma Batuko 156.000 milioi liberako (177.840 milioi euro) zor publikoa uste baino "okerragoa" dela jakitera eman du gaur David Cameron lehen ministro britainiarrak. Hori horrela, biztanle guztien "bizimoduari" eragingo dio arazoak.
"Adosten ditugun erabakiek herrialde honetako guztiei eragingo diete. Eta erabaki horien ondorioak urtetan iraungo dute".
Kontabilitate liburuak aztertu ostean, Gordon Brownen aurreko Gobernu laboristari "gehiegi" gastatzea aurpegiratu dio Cameronek eta egungo koalizioak egoera konpondu beharko duela adierazi du.
Gastu publikoa murriztu ezean, Altxor Publikoak 70.000 milioi libera (79.800 milioi euro) ordaindu beharko ditu bost urtetan zorraren interesak ordaintzeko. Kopuru hori hezkuntzan, garraioetan eta aldaketa klimatikoaren aurkako neurrietan inbertitzen dena baino handiagoa da, azaldu du lehen ministroak.
Horren karietara, Cameronek argi utzi du "herrialdea sendotu eta batuko duen defiziti publikoa murrizteko plana bideratu nahi du Gobernu honek".
Murrizketa publikoak
George Osborne Ekonomia ministroak defizit publikoa murrizteko larrialdiko aurrekontua ezagutzera emango du Parlamentuan ekainaren 22an.
Gobernuaren arlo informatikoari eragingo diote murrizketek eta baita funtzionarioen bidaiei, jaioberrien diru-laguntzei eta Administrazioak finantzatutako kanpo aholkulariei ere.
Hitzaldiaren ostean, Brendan Barber Trade Union Congress sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, murrizketa publikoetan oinarritutako defizitaren murrizketak ekonomia- baliabide gutxikoei kalte egingo die.