Mundua -
Ipar Carolina
Etxeratzeko agindua eman dute Charlotten, liskarrik ez izateko
Hiria larrialdi egoeran dagoen bitartean izango da indarrean etxeratzeko agindua. Polizia baten tiroa jaso zuen gizonezko beltza, berriz, hil egin da. Poliziak ez du horren irudirik erakutsi nahi.
agentziak
Jennifer Roberts Charlotte (Ipar Carolina, AEB) hiriko alkateak etxeratzeko agindua eman du, Poliziak gizon beltz bat hil eta gero hirugarren gau liskartsua izan ondoren.
"Etxeratzeko agindua egunero egongo da indarrean, 00:00etatik 06:00etara, larrialdi egoera bukatu arte, edo erabakia bertan behera utzi arte", Charlotteko Udalak Twitter bidez egindako iragarpenaren arabera.
Udaleko agintarien esanetan, biztanleen bizitza eta hiriko ondasunak babesteko hartu dute etxeratzeko agindua emateko erabakia.
"Galarazita dago kalean, kalezuloetan, errepideetan eta bestelako bide publiko guztietan ibiltzea, osasun arreta edota janaria edo ongizate zerbitzuen laguntza behar izan ezean", bandoaren arabera.
Neurriak ez die eragiten segurtasun indarretako kideei, suhiltzaileei eta garraiobide publikoetako langile, mediku, erizain eta, oro har, osasun langileei, ezta militarrei eta kazetariei ere.
Pat McCrory Ipar Carolinako gobernadoreak asteazkenean ezarri zuen larrialdi egoera Charlotten, liskarren bigarren egunaren ondoren.
Alabaina, gaurkoan ez da istilurik egon, nahiz eta kaleak jendez beteta egon eta Guardia Nazionaleko agenteak ere kalera irten diren.
Protestak asteartean hasi ziren, polizia batek Keith Lamont Scott 43 urteko gizon afroamerikarra hil eta gero, etxebizitza eraikin bateko aparkalekuan.
Poliziaren arabera, Scottek arma bat zeraman, eta bere burua hil edo biziko egoeran zegoela iritzita egin zion tiro agenteak. Senideek eta lekukoek, baina, ukatu egin dute hori guztia, eta Poliziak ez du gertatutakoaren irudirik erakutsi nahi izan, bideoan grabatuta izan arren.
Zauritua ere hil da
Scott hil ondoren Charlotten izan diren liskarretan tiroz zauritutako gazte beltza hil egin da, bertako hedabideen arabera.
WBTV irratiak zabaldu duenez, hildakoa Justin Carr da, 26 urte zituen eta egoera kritikoan zegoen asteazkenetik.
Carrek Charlotteko erdigunean, manifestariek eta poliziek talka egin zuten lekuan, jaso zuen tiroa, buruan.