Mundua -
Varsovian atxilotuta
Mabhuhren hilketarekin nahastutako Mosaden agente bat atxilotu dute
Susmagarria Polonian atzeman dute. Alemaniak estradizioa eskatu du, Hamaseko agintariaren hilketan erabilitako pasaporte bat eskuratzea leporatzen baitio. Israel estradizioa ekiditu nahian dago.
Erredakzioa
Poloniako Poliziak Mosaden, Israelgo zerbitzu sekretuen, ustezko agente bat atxilotu egin du Varsoviako aireportuan. Susmagarria Uri Brodsky deituriko israeldar bat da eta Alemaniako agintariak atzeman nahian ari dira, iragan urtarrilaren 19an, Dubain izan zen, Mahmud al Mabhuh Hamaseko agintariaren hilketan nahasturik baitago. Alemaniak dokumentuak faltsutzea eta espioitza leporatu dio.
Alemaniako agintariek susmagarriaren estradizioa eskatu dute, Mosadeko beste agente bati laguntza eman ziola uste baitute, Colonian pasaporte alemaniar bat eskuratuz, Michael Bodenheimer izenarekin. Pasaporte hori Dubaitik sartu eta irteteko erabili zuen Al Mabhuhen hiltzaileetako batek.
Israelgo agintariak ahal duten guztia egiten ari dira Brodskyren estradizioa ekiditeko. "Israelgo herritar bat Polonian atxilotu dute eta gure enbaxadak laguntza eman dio, egoera berdinean dagoen edozein herritarrekin egiten dugun bezala", adierazi du Kanpoko Arazoetako Ministerioaren bozeramale batek, Jerusalemen.
Brodskyren atxiloketa Hamaseko agintariaren hilketarekin erlazionatutako lehena da. Hilketan hainbat pasaporte europar erabili zituztenez, EBk horrelako ekintza gaitzetsi egin zuen, baina Israelek ez du erantzukizunik onartu.