Mundua -
Zaytouna-Oliva
Gazako blokeoa salatu nahi zuen itsasontziari bidea moztu dio Israelek
Zaytouna itsasontzian hamahiru emakume doaz, baina Gazara bidean erakundeak salatu duenez, Israelgo itsas armadak belaontzia abordatu du eta bidaiariak Ashdod portura daramatzate.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken honetan, urriak 5, Gazako blokeoa salatu nahi duen Zaytouna-Oliva itsasontziari bidea moztu dio Israelgo Defentsa Indarrak. Zehazki, 2007an Israelek ezarri zuen blokeoa salatzeko asmoa dute itsasontzi horretan doazen nazioarteko hamahiru emakumeek, Gazara bidean Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) jakinarazi duenez .
“Adi! Israelgo itsas armadak Zaytouna itsasontzia abordatu du eta bidaiariak Ashdod portura daramatzate”, esan du Twitterren erakundeak:
Ildo horretatik, bidaiarien borondatearen kontra Ashdod portura eramaten ari dituztela salatu du Gazara bidean erakundeak. Halaber, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari gertatutakoa gaitzetsi dezan eskatu dio erakundeak. Gauzak horrela, Israelek “inolako zigorrik jaso gabe” eta nazioarteko araudiaren kontra jokatu duela salatu du Gazara bidean erakundeak.
“Bahitu dituzten bidaiari guztiak oraintxe bertan askatzea eta belaontzia bere horretan itzultzea” eskatu du erakundeak.
Hala ere, Israelgo armadaren bozeramaileek oraindik ez dute baieztatu hamahiru emakumeak zihoazen itsasontzia abordatu duten. Zaytouna itsasontzian, Mairead Maguirre, Bakearen Nobel Saria (1976); Samira Douaifia, Aljeriako diputatua; eta Sandra Barrilaro argazkilaria zihoazen, besteak beste.
Israelgo hainbat hedabideren arabera, Zaytouna itsasontziari nazioarteko uretan, Gaztik 45 milatara, moztu diote bidea. Israelgo itsas armadak Gazako blokeoa hausten ez saiatzeko esan die bidaiariei.
Bestalde, “Gazara bidaiatzeko asmoa dutenei, itsasontziz ez joateko” aholkatu die Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak.