Mundua -
Brasil
Rousseffen kargugabetzearen abiarazlea atxilotuta, ustelkeria egotzita
Antza denez, Eduardo Cunhak bost milioi dolar inguru eskuratu zituen Petrobras petrolio-konpainiaren auzia dela eta. Dirua Suitzako banketxeetan ezkutatu zuen Cunhak.
Agentziak | Erredakzioa
Eduardo Cunha Brasilgo Diputatuen Ganberako presidente ohia asteazken honetan, urriak 19, atxilotu dute, ustelkeria delitua egotzita. Zehazki, Brasilgo Petrobras petrolio-konpainiaren auzian nahasi dute Cunha. Bera izan zen Dilma Rousseff Brasilgo presidentearen kargugabetzearen bultzatzaile nagusia.
Mugimendu Demokratiko Brasildarraren Alderdiko (PMDB) diputatu ohia da Cunha. Hiri horretako alderdi politikorik handiena da eta Michel Temer Brasilgo presidentea, alderdi horretako kidea da. Abuztuaren 31n izendatu zuten Temer Brasilgo presidente gisa, Senatuak Rousseff kargugabetu ostean.
Cunha izan zen Rousseffen kontrako epaiketa politikoaren abiarazlea Parlamentuan, irregulartasun fiskalak zirela eta. Antza denez, aurrekontua aldatu zuten dekretu ugari sinatu zituen Rousseffek, baina berak delitu horiek ukatu ditu beti.
Dena den, Brasilgo presidente ohia kargutik kentzeko prozesua martxan jarri zutenean, Poliziak Cunharen aurkako ikerketa abiatu zuen, Petrobras petrolio-konpainiaren auzia dela eta. Antza denez, bost milioi dolar inguru eskuratu zituen berak.
Akusazioaren arabera, Cunhak Suitzako banketxeetan ezkutatzen zuen diru hori, baina diputatu ohiak akusazio horiek faltsuak direla ziurtatu du. Gerora, dirua bertan ezkutatu zuela frogatu du Suitzako Justiziak.