Mundua -
Migranteen erreskatea
1.400 pertsona erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan
Italiako kostazainek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek 14 erreskate operazio egin dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako kostazainek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek 1.400 pertsona inguru erreskatatu zituzten atzo Mediterraneo itsasoan, 14 erreskate operaziotan.
Kostazainek ohar bidez jakinarazi dutenez, migratzaileak gomazko 13 ontzitan eta ontzi txikiago baten barruan zeuden, noraezean.
Aipaturiko 14 erreskate operazioetan, Italiako kostazainen 'Gregoretti' ontziaz gain, Europar Batasuneko operazio militarretarako ontzi batek eta Moas, Boat Refugee Foundation, Mugarik Gabeko Medikuak eta Sea Watch gobernuzko kanpoko erakundeen ontziek hartu zuten parte.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, 2016. urtea hasi denetik 132.000 migratzaile iritsi dira Italiara, eta 3.100 inguru hil dira Mediterraneo eta Egeo itsasoak zeharkatu nahian.