Mundua -

Heriotza-zigorra

AEBek Ronnie Lee Gardner presoa fusilatu dute Utahn

Metodo hori erabili gabe 14 urte igaro ostean, bost poliziak osatutako fusilamendu pelotoi batek 49 urteko presoa hil du, berak hala eskatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ronnie Lee Gardner presoa hil du gaur fusilamendu pelotoi batek AEBetan, heriotza-zigorra zuen presoak berak aukeratu zuelako hiltzeko modu hori, CNN telebista kateak jakitera eman duenez. 1996tik, lehenengo aldiz erabili dute metodo hori heriotza-zigorra gauzatzeko.

49 urteko Gardner hilketagatik zigortu zuten eta Utahko estatu presondegi batean exekutatu dute, Salt Lake City kanpoaldean, bertako 00:20ean (06:20 GMT).

Gardnerri bi pertsona hiltzeagatik ezarri zioten heriotza-zigorra 1985ean. Presoa taberna bateko langile bat hiltzeagatik epaitzen ari zirenean, auzitegitik ihes egiten saiatu zen eta ahalegin horretan Michael Burdell abokatua hil zuen tiroz. Epaitegiko agente bati ere egin zion tiro, eta urte batzuk geroago hil zen zaurien ondorioz.

AEBetan azken 14 urteetan izan den lehenengo fusilamendua eta hirugarrena azken 33 urteetan.

Barkamena ukatu zioten

Exekuzioa izan baino ordu batzuk lehenago, Auzitegi Gorenak, zenbait apelazio auzitegik eta Gary Herbert Utahko gobernadoreak barkamena ukatu zioten Gardnerri.

Gardnerrek gaztaroan ustez bizi izan zuen sufrimendua erabili zuten defentsa abokatuek presoaren erruki eskaerak egiteko. Sexu-gehiegikeriak eta droga-menpekotasuna jasan omen zituen, abokatuen arabera.

Era berean, 1985eko epaiketan eman zioten tratua injustua izan zela salatu zuten, zegokion defentsa abokatua ordaintzeko aukerarik izan ez zuelako.

Andres Parnes abokatuak adierazi zuen 25 urtez heriotzaren korridorean izan ostean, bere bezeroaren exekuzioa krudelkeria bat zela eta hobe zela krimenen kitapena bizi osoa kartzelan emanda ordaintzea.

Gardnerrek hautatu zuen hiltzeko era

2004an fusilamenduz hiltzeko aukera debekatu bazuten ere, Gardnerrek hori hautatu ahal izan zuen 1985ean ezarri ziotelako heriotza-zigorra.

Gainera, Gardnerrek ez omen zuen metodo hori polemika eta drama sortzeko hautatu, Parnesen esanetan. “Gizatiarragoa zela iritzi ziolako aukeratu zuen Gardnerrek. Ez zen publizitate kontu bat izan. Soilik, nahiago zuen”, abokatuak azaldu zuenez.

1976an Auzitegi Gorenak heriotza-zigorra berriro ezarri zuenetik, fusilamenduz hil duten hirugarren pertsona da.

Beste biak ere Utahn izan ziren. Hala ere, 2004an debekatu egin zuten aukera hori jasotako kritikarengatik eta hedabideetan eduki ohi duen oihartzunagatik.

Zenbaketa historikoen arabera, 1850etik gaur arte Utahn izan diren 49 exekuzioetatik 40, fusilamenduz egin dituzte.

Estatu horretan heriotza-zigorra duten beste lau presok ere metodo hori hautatu dute hiltzeko.

1976tik 1.217 exekuzio

Heriotza Zigorraren Informazio Zentroaren arabera, Gardnerrenarekin, 1.217 dira 1976tik AEBetan hil dituzten presoak.

Horietatik, hirutik bat Texasen hil dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea