Mundua -
200 milioi dolarreko zorra
Gazpromek % 30 murriztu du Bielorrusiaren gas horniketa
Atzo apurkako murrizketa iragarri ostean, konpainia errusiarrak % 15 gehiago gutxitu du erregai ematea, herrialde auzokideak duen zorraren inguruan ez baitira akordio batera iritsi.
Erredakzioa
Gazprom konpainia errusiarrak, bigarren egunez, % 15 gehiago murriztu dio gas isuria Bielorrusiari, bi herrialde auzokideak ez baitira akordio batera iritsi erregaiaren horniketaren zorraren inguruan.
"Bielorrusiak ez du ezer egin zorra ordaintzeko (...), orduan, 10:00etatik aurrera gas horniketa %30 murriztuko dugu", adierazi du Alexei Miller Gazpromeko presidenteak.
Gazpromek 200 milioi dolarreko ordaina eskatzen dizkio Bielorrusiari, 2010. urtean emandako gasagatik, eta atzo apurkako murrizketa hasi egin zuen, egunean % 15 kenduz % 85era heldu arte, eta horrela, zorra ordaindu arte.
Bielorrusiak Gazpromekin duen zorra bi astetan ordaintzea proposatu zuen, konpainiak ere bere zorra ordainduz gero, eta Europara bidean bere lurraldetik igarotzen den gasa aterako zuela mehatxatu zuen, Errusiako konpainiak murrizketa berriak eginez gero.
Bielorrusiaren proposamenaren arabera, Gazpromek "lehenbailehen" 217 milioi dolarreko zorra ordaindu behar du herrialde auzokidearen lurraldetik gasa igarotzeagatik. Horrela eginez gero, Bielorrusiak hurrengo asteazkenean gehien jota bere zorra kenduko zuela agindu zuen.
Bielorrusiako Enegia Ministerioak Gazpromen jarrera jarraituz gero Europara doan gasa murriztu daitekeela adierazi dio Europako Batzordeari.
Gazpromek Bielorrusiarekin zorra duela onartu du, gasa bere lurraldetik igarotzen delako, baina Minskek formalizatu ez duenez, ezin dutela ordaindu adierazi du, hala ere, dirutza hori arazoa ez dela gehitu du.
Bielorrusiako lurraldetik Errusiak Europara bidaltzen duen gasaren % 20 igarotzen da.