Mundua -

Maiatzetik ari ziren bila

Christopher Coke ustezko droga-trafikatzaile jamaikarra atxilotu dute

AEBen estradizio eskaerak indarkeria handiko egunak piztu zituen Karibeko uhartean. Coken aldekoen eta Poliziaren arteko liskarretan 74 pertsona hil ziren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christopher Dudus Coke Jamaikako ustezko droga-trafikatzailea atxilotu dute zenbait astetan haren atzetik ibili ostean, The Gleaner egunkariaren Interneteko atarian jakinarazi dutenez.

AEBek egindako estradizio eskaria onartu izanak liskar handiak piztu zituen Coken aldekoen eta Tivoli Gardens Kingstoneko auzoko Poliziaren artean, iragan maiatzean. Denera, 74 lagun hil ziren eta 500dik gora pertsona atxilotu zituzten.

Egunkarian agertzen denez, Coke Al Miller apaizarekin zegoen atxilotu dutenean. AEBek Liguanean duten kontsulatura bidean zihoazen Poliziak atxilotu dituenean.

Millerrek paper garrantzitsua jokatu zuen Sandy eta Leighton, Coken anaiak, agintarien esku uzterakoan ere.

Bruce Golding Jamaikako lehen ministroak pasa den maiatzean Coke AEBen esku uztea onartu zuenean, ustezko droga-trafikatzailearen aldekoen haserrea piztu zen, eta gehiengoa dira Tivoli Gardens auzoan. Hori horrela, eremu hori borroka odoltsuen kokaleku bilakatu zen.

Washingtonek 2009ko abuztuan eskatu zuen Coken estradizioa, armekin eta drogekin trafikatzea leporatuta eta "Shower Posse" trafikatzaile taldearen burua izatea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea