Mundua -
Migratzaileen erreskatea
1.400 pertsona erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan egunbetean
2016. urtea hasi denetik 168.000 migratzaile iritsi dira Italiara, eta 4.650 inguru hil dira Mediterraneo eta Egeo itsasoak zeharkatu nahian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako kostazainek eta hainbat erakundek 1.400 pertsona inguru erreskatatu zituzten atzo Mediterraneo itsasoan, 13 erreskate operaziotan.
Kostazainek ohar bidez jakinarazi dutenez, migratzaileak gomazko 11 ontzitan eta bi ontzi txikiagotan zihoazen.
Aipaturiko 13 erreskate operazioetan, Lampedusako kostazainen 'CP312', 'CP234' eta 'CP302' ontziez gain, Itsas Armadako 'Grecale' ontziak, Irlandako Itsas Armadako 'Samuel Beckett' ontziak, SOS Mediterraneoa gobernuz kanpoko erakundearen 'Aquarius' ontziak eta merkataritzako bi ontzik hartu zuten parte.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, 2016. urtea hasi denetik 168.000 migratzaile iritsi dira Italiara, eta 4.650 inguru hil dira Mediterraneo eta Egeo itsasoak zeharkatu nahian.