Mundua -

AEBko hauteskundeak

Hauteskundeak irabazten lagundu zion Errusiak Trumpi, CIAren arabera

Bere aldetik, Errusiak egindako ustezko filtrazioei buruzko goitik beherako azterketa egitea agindu du Barack Obamak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CIAk (Inteligentzia Agentzia Zentrala) ondorioztatu duenez, Errusiak Etxe Zurirako (AEB) hauteskundeetan esku hartu zuen, Donald Trump hautagai errepublikanoaren mesedetan, The Washington Post egunkariak gaur argitaratu duenez.

Aipatu egunkaria CIAko iturrietan oinarritzen da, eta beraren arabera, Kremlinek Wikileaks erakundeari filtratu zizkion Alderdi Demokratari eta Hillary Clintonen kanpainari pirateatutako mezu elektronikoak.

"Agentziak ondorioztatu duenez, Errusiaren xedea hautagai baten alde egitea zen, hots, Trumpi hautatua izan zedila lagundu", esan dio CIAko iturriak The Washington Posti.

Trumpen trantsizio taldeak ohar bat atera du informazio horri erantzuteko asmoz, eta honako hauxe adierazi dute CIAri erreferentzia eginez: "Jende hori Sadam Huseinek suntsipen handiko armak zituela esaten zuen bera da".

"Hauteskundeak aspaldi bukatu ziren, hauteslekuetan historian izan den garaipen handienarekin. Aurrera egiteko garaia iritsi da", gaineratu dute.

Obamak ikertzeko agindu du

Bere aldetik, Errusiak egindako ustezko filtrazioei buruzko goitik beherako azterketa egitea agindu du oraindik orain AEBko presidente den Barack Obamak.

"Presidentea Inteligentziako langileei zuzendu zaie 2016ko hauteskunde-prozesuan zehar gertatu den ororen gaineko ikerketa egin dezaten", jakinarazi du Etxe Zuriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Errusia argazkiak Barack Obama bideoak Hauteskundeak AEB argazkiak Albisteak Trump gaur