Mundua -
Kanada
500 lagun atxilotu dituzte G-20ren kontrako protestetan, Toronton
Agenteek gas negar-eragileak erabili dituzte manifestariak G-20ren bilerak egiten ari diren zentrora hurbiltzea galarazteko.
Erredakzioa
Kanadako Poliziak 500 lagun baino gehiago atxilotu dituela adierazi du, gauean izandako G-20aren bileraren kontrako protestetan, Toronton. Atxilotuei bandalismo eta Polizia agenteen kontrako eraso delituak leporatu dizkiete.
Poliziaren arabera, manifestazioak era baketsuan egin dituzte, baina burua estalita zeramaten talde bat martxa nagusitik banandu eta agenteei erasotzen eta erakusleihoak apurtzen hasi dira. Gutxienez Poliziaren bi auto erre dituzte.
10.000 pertsona inguru hartu dute parte G-20ren bileraren kontrako martxan, baina liskarrak ez dira azken unera arte jazo.
Agenteek gas negar-eragileak erabili dituzte ehundaka manifestariak G-20ren bilerak egiten ari diren zentrora hurbiltzea ekiditzeko.