Itxi

Mundua

AEB-ko hauteskundeak

Hauteskunde Batzordearen bilera gaur, Trumpen garaipena ziurtatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Batzordeak ez du inoiz hauteskunde emaitzaren aurka egin.

  • Donald Trump AEBko presidente hautatua. Artxiboko argazkia: EiTB

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Hauteskunde Batzordeak bilera egingo du gaur Donald Trump presidente hautatuaren garaipena ziurtatzeko. Zenbaitek Trump Etxe Zurira iristea oztopatu nahi dute, eta, horretarako, botoa aldatzeko eskatu diete konpromisarioei.

Gaur-gaurkoz, nekez gerta daiteke halakorik, baina Hauteskunde Batzordearen tentsio handieneko bilera izatea espero da; izan ere, Hillary Clintonen aldekoek Donald Trumpi bizkarra emateko eskatuko diete errepublikanoei.

AEBko hauteskunde sistemak ez dio garaipena ziurtatzen estatu mailan boto gehien lortzen dituen hautagaiari. Aitzitik, estatu bakoitzean boto gehien lortzen dituen hautagaiak estatu horretan jokoan dauden ordezkari guztiak bereganatzen ditu, eta 538 konpromisario horiek dira gero presidentea aukeratzen dutenak.

Hauteskunde Batzordeak ez du inoiz hauteskunde emaitzaren aurka egin eta 270 ordezkari lortzen dituena izan ohi da presidente. Bestalde, hauteskundeen historian bost aldiz gertatu da estatu mailan boto gehien lortu dituena AEBko presidente ez izatea. Azaroko AEBko hauteskundeetan ere horixe gertatu zen; izan ere, Hillary Clintonek Donald Trumpek baino hiru milioi boto gehiago lortu zituen. Kontuak kontu, Trump estatu erabakigarrietan nagusitu zen eta 306 ordezkari eskuratu zituen.

Ezustekoa izateko, 37 ordezkari errepublikanok beren botoa aldatu beharko lukete. Oraingoz, Chris Suprun Texas estatuko ordezkariak bakarrik esan du botoa aldatuko duela. Bestalde, "Hamiltonen hautesleak" izenarekin ospetsu egin diren hautagai demokrata batzuek hitz eman dute ez dutela Clinton babestuko eta beste hautagai errepublikano bat babesteko prest egongo liratekeela.

Hala eta guztiz ere, zaila dirudi horrelakorik gertatzea. Gainera, bietako inork 270 boto lortuko ez balitu, Kongresuak izango luke azken erabakia hartzeko ardura, eta errepublikanoak dira nagusi bertan.

nagusi bertan.

nagusi bertan.

nagusi bertan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena