Mundua -

Erasoa Alemanian

Euskal herritar bat zauritu da Berlingo erasoan

Iñaki Ellakuria bilbotarra da zaurituetako bat; hausturak ditu hanka bateko tibian eta peronean, beste hankako orkatilan eta aldakan. Berarekin batera zeuden bi neskak, bata bilbotarra, onik daude.

Kamioi batek hainbat lagun harrapatu ditu Berlinen. Argazkia: EFE
Iñaki Ellakuria eta Irati Etxezarraga bilbotarrak, erasoaren lekuko

1:40

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez euskal herritar bat zauritu da kamioi batekin Berlingo Gabonetako azoka baten aurka egindako erasoan, EiTBk baieztatu duenez.

Zauritua Iñaki Ellakuria bilbotarra da, Erasmus programan parte hartzen ari den EHUko Sarrikoko ikaslea. Kamioiak bi hankak harrapatu dizkio, eta hainbat haustura ditu hanka bateko tibian eta peronean, beste hankako orkatilan eta aldakan. Arrazoi horregatik, ebakuntza egin diote Krankenhaus Wenckelbach ospitalean. Harrapaketa izan denean berarekin zeuden bi neskak (Cristina eta Iratxe), euskal herritarrak biak, onik daude.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, kamioia merkatuan sartu zen unea nola bizi izan zuten kontatu du Kristinak. "Bat-batean, leherketa moduko bat entzun nuen, eta lurrera erori ginen. Begiak ireki nituenean, Iñaki lurrean ikusi nuen oihuka, eta nik ezin nuen arnasa hartu gainean neukanarengatik. Irati eta ni ez ginen ohartu kamioiaz, eta Iñaki izan zen ikusi zuena", azaldu du.

Ellakuriaren senideak Berlinera joan dira, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Halaber, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren bitartez familiarekin harremanetan jarri da, gazteak izan ditzakeen osasun beharrei aurre egiteko.

Alfonso Dastis Espainiako Atzerri ministroak baieztatu duenez, zaurituen artean nazionalitate espainiarreko pertsona bat dago. Hiltzeko arriskurik ez duela baina ebakuntza egin behar diotela zehaztu du.

Iñaki Ellakuriak berak kontatu du gertatukoa Twitter sare sozialean duen kontuan, eta jasotako laguntza eskertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Bilboko azken albisteak Alemania bideoak Atentatuak albisteak Eguneko albisteak