Mundua -
Tiroketa Turkian
6 lagun atxilotu dituzte, Errusiako enbaxadorearen hilketarekin lotuta
Atxilotuetako hiru Mevlüt Mert Altintas hiltzailearen aita, ama eta arreba dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiako segurtasun indarrek sei pertsona atxilotu dituzte, Andrei Karlov Errusiak Ankaran duen enbaxadorearen hilketarekin lotuta, NTV hedabideak jakinarazi duenez.
Poliziak Mevlüt Mert Altintas hiltzailearen aita, ama eta arreba atxilotu zituen atzo Turkia mendebaldeko Soka hirian, erasotzailearen jaioterrian. Erasotzailea lanean ari ez zen polizia turkiarra da, eta Poliziaren talde bereziak hil egin zuen. Hürriyet oposizioko hedabideak zabaldutako informazioaren arabera, erasotzailearen Ankarako pisukideetako bat atxilotu dute.
Bertako hedabideen esanetan, Polizia hiltzailearen eta Fethullah Gülen lider islamistaren erakundearen arteko ustezko harremana ikertzen ari da. Hainbat kazetak adierazi dutenez, erasotzaileak Polizia ikasketak egin zituen ikastetxea Fethullah Gülenen polizia ofizialen esku dago. Ankarako Gobernuak uztailaren 15eko estatu-kolpe saiakera leporatzen dio Fethullah Güleni.
Bestalde, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Iranek Turkian dituzten enbaxadak eta kontsulatuak itxi dituztela iragarri dute.