Mundua -
Atentatua BErlinen
Berlingo atentatuaren ustezko egilearen iloba atxilotu dute Tunisian
Berarekin batera beste bi lagun gehiago atzeman dituzte, ustezko 'zelula terrorista' bateko kide izatea egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Tunisiako segurtasun indarrek Anis Amriren (joan zen astelehenean Berlinen izandako atentatuaren ustezko egilea eta ostiralean Milango poliziak hil zuena) iloba atxilotu dute ostiral honetan. Berarekin batera beste bi lagun gehiago atzeman dituzte, Estatu Islamikoarekin lotuta dagoen ustezko "zelula terrorista" bateko kide izatea egotzita. Hala eman du jakitera Tunisiako Barne Ministerioak ohar baten bidez.
Gaur argitaratu eta TAP albiste-agentzia ofizialak jaso duen ohar horretan esaten denez, Amriren ilobak dagoeneko aitortu du bere osabaren harremanetan egon zela oraintsu Telegram mezularitza aplikazioaren bitartez.
Hiru atxilotuak 18 eta 28 urte bitartekoak dira, eta joan den goizaldean atzeman dituzte Tunisiako hiriburutik gertu dagoen Fuchana herrian eta Anis Amriren jaioterria den Oueslatian.
Espainiako bizilagun batekin ustezko harremana
Bestalde, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak larunbat honetan adierazi duenaren arabera, informazio-zerbitzuak ikertzen dabiltza Amriren eta Espainiako bizilagun baten artean harremanik egon ote den Internet bidez.
"Batak besteari ematen diogun informazioetan oinarrituta, ikertzen gabiltza Espainiarekin egon daitezkeen balizko loturak, pertsona zehatz batekin, hain zuzen ere", zehaztu du Zoidok.