Mundua -
18 eta 25 urte
Madrilen atxilotutako ustezko jihadistak kartzelatu dituzte
Kalashnikov fusil bat zuten bi gazteek, eta gehiago erosten saiatu ziren, Pedraz epaileak gaur goizean galdekatu eta gero kaleratu duen idatziaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Pedraz epaileak joan den asteazkenean Madrilen, terrorismo jihadistarekin zerikusia zutelakoan, atxilotutako bi gazteak kartzelatu ditu. Epailearen arabera, kalashnikov fusil bat lortu zuten, eta hainbat bideo mehatxagarri filmatu zituzten berarekin. Gainera, errifle gehiago eskuratzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur galdekatu eta gero hartu du kartzelara bidaltzeko erabakia, terrorismoa goratzeko eta gerrako arma eta jaurtigaiak edukitzeko delituak leporatuta.
18 eta 25 urteko gazteek espainiar herritartasuna dute, eta, akusazioak dioenez, “bigarren belaunaldiko” talde terrorista bat osatzen zuten.
Bost kargagailu huts, 7,62 milimetroko (kalashnikov AK-47arena) 37 kartutxo eta “arma luze baten zorroa” atzeman dizkiete atxilotuei, baita fusil hori erakutsiz filmatutako hainbat bideo mehatxagarri ere, zeinetan Daeshen bandera eta bestelako bereizgarriak zeuzkan labana militar bat erakusten baitzuten eta “izaera jihadistako esaldi eta kantu islamikoak" sartzen baitzituzten.