Mundua -
Ekialdeko Jerusalemen
Lau hildako eta 13 zauritu soldadu israeldarren aurkako erasoan
Soldadu-talde baten kontra bota du kamioia ustezko erasotzaileak. Hildakoetatik, gutxienez hiru soldaduak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau gazte hil eta beste 13 zauritu dira igande honetan Israelgo soldadu-talde baten aurka izandako eraso batean, Ekialdeko Jerusalemen. Agintariek ez dituzte hildakoen izen-abizenak baieztatu, baina tokiko komunikabideen arabera, gutxienez hiru hildako soldaduak ziren.
Israelgo Gurutze Gorriak baieztatu duenez, hildakoak hiru emakumezko eta gizonezko bat dira, 20 urte ingurukoak guztiak.
Autobus batetik jaisten ari zen soldadu-talde baten aurka bota du kamioia ustezko erasotzaileak. Ondoren, hura tiroz hil egin dute.
Maan Palestinako albiste-agentziak zabaldu duenez, ustezko erasotzailea Fadi Ahmad Hamdan da, Yabal Mukaber auzoan bizi zen palestinarra, Armon Hanatziv kanpaleku israeldarretik gertu.
2015eko urritik 246 palestinar hil dira, bi heren baino gehiago ustezko erasoak egin ostean, Israelgo Armadak tirokatuta. Gainerako palestinarrak Israelgo indar armatuekin izandako erasoaldietan hil dira.