Itxi

Mundua

AEB-ko presidentetza

Trumpen aroa

agentziak

AEBko presidente hautetsiak karguaren zina egingo du gaur ia milioi bat pertsonaren aurrean. Aldaketa gauzatzear da munduko potentzia handienetakoaren kanpo zein barne politikan.

Ehunka mila pertsonaren aurrean eta eskua bi bibliaren gainean (horietako bat berea eta bestea Lincoln presidenteak erabilitakoa) duela esango ditu Donald Trump AEBko presidente hautetsiak Bulego Obalera eramango duten hitzak.

Antolatzaileen arabera, 800.000-900.000 lagun izango dira ekitaldian. Jende kopuru handia da, baina Barack Obamak orain dela zortzi urte bildutako jendetzatik oso urrun dago, 1,8 milioi pertsona bildu baitziren orduan presidente berriaren karguaren zina aurrez aurre ikusteko.

Trumpen hitzaldiaren aurreko ikuskizuna gurean 15:30 direnean hasiko da. Oraingo honetan parte hartzeari uko egin diote izar askok, eta ika-mika handia sortu da hori dela eta. Jackie Evancho soprano nerabea, 3 Doors Down musika taldea eta abesbatza mormoi bat, besteak beste, arituko dira bertan.

Bi ordu geroago, mezuak zabaltzen hasiko dira eta, 18:00etan, Trumpek karguaren zina egingo du John Roberts Auzitegi Nagusiko presidentea lekuko dela. "Zin dagit AEBko presidente kargua zintzo beteko dudala eta Ameriketako Estatu Batuen Konstituzioa zaindu, babestu eta defendatuko dudala", esango du.

Ondoren, enpresariak dagoeneko ikusmin handia eragin duen hitzaldia egingo du. Ikusmina eragin du, baina oraindik ez da horren berri zabaldu. CNNk esan duenez, Trumpek berak idatzi du testua, eta hori erakusten saiatu zen sare sozialetan hedatu den irudi baten bidez.

Trumpen jarraitzaile bat, atzo, Washingtonen. Argazkia: EFE

Trumpen jarraitzaile bat, atzo, Washingtonen. Argazkia: EFE

Azken ekitaldia, kargua hartu aurretik

"Mezularia baino ez naiz. Nekatuta geunden. Maite zaituztet. Gertatzen ari zena ikusteaz nekatuta geunden guztiok, eta aldaketa nahi genuen. (Bihartik aurrera) zerbait sinesgaitza ikusiko dugu", esan zuen atzo Washingtonen, Abraham Lincoln presidentearen omenezko monumentuaren aurrean, egindako kontzertuaren ostean, inbestiduraren bezperan.

"Ez da sekula egon honen moduko mugimendurik, oso-oso berezia da. Gure herria batu behar dugu, eta, gure leloak esaten duen moduan, 'AEB handi egingo dugu berriro'; inoiz baino handiago egingo dugu, gainera", esan zuen presidente hautetsiak kargua bere gain hartzeko ordu batzuk falta zirenean.

"Baina gutarrentzat egingo dugu AEB handi berriz, gure herrialdeko pertsona guztientzat, baita barnealdekoentzat ere; denontzat", adierazi zuen inbestidura ekitaldiarekin lotuta antolatu duten ekitaldietako bat, kontzertua, ikustera joan ziren milaka eta milaka lagunen aurrean.

George Washingtonek historia osoko hitzaldirik laburrena egin zuen 1793an, 135 hitzekoa. Luzeena, 8.445 hitzekoa, aldiz, William Henry Harrisonek egin zuen, eta handik hilabetera hil zen.

Aurreikuspenen arabera, ekitaldia bukatu bezain pronto joango da Obama Washingtondik, Chicagorako bidean. Horrela, bere ondorengoa izango da egun historikoaren protagonista bakarra.

Trumpen bi jarraitzaile, atzo, presidente hautetsiaren ekitaldian. Argazkia: EFE

Trumpen bi jarraitzaile, atzo, presidente hautetsiaren ekitaldian. Argazkia: EFE

Desfilea

Trumpek Kongresuko buruekin bazkalduko du, eta ondoren Mike Pence bere 'bigarrenarekin' batera Etxe Zurira egingo duen desfilean hasiko da ohiturak aldatzen. AEBko segurtasun talde ezberdinetako 8.000 bat lagun batuko dira gaur konboi horretara, eta normalean baino laburragoa izango da.

Antolatzaileen arabera, ordubete eta erdi inguru beharko du Pennsylvania etorbidea zeharkatzeko; Obamak 2009an ibilbide hori egiteko behar izan zuen denboraren erdia, hain zuzen.

Trumpek izendapena ospatzeko egin ohi den dantzaldien kopurua ere murriztu du. Hala, Obamaren lehen agintaldian hamar egin ziren, eta hiru baino ez dituzte egingo oraingoan. Boris Ephsteyn Komunikazio zuzendariaren hitzetan, presidente berriak "lanari ekin nahi dio, eta estatubatuarrak euren etxeetan eta lanpostuetan salbu daudela ziurtatu nahi du".

Larunbatean, 16:00ak eta 17:00ak bitartean, meza egingo dute Washingtongo Katedral Nazionalean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena