Mundua -
Germanwingsen istripua
Andreas Lubitzen aitaren esanetan, bere semeak ez zuen depresiorik
'Ezbeharra gertatu zen unean nire semeak ez zuen depresiorik', adierazi du Günter Lubitzek hedabideen aurrean egindako agerraldian.
Agentziak | Erredakzioa
Andreas Lubitzen aitak (Günter Lubitz), hau da, 2015eko martxoan, 150 bidaiari zeramatzala, Frantziako Alpeetan istripua izan zuen Germanwings konpainiako hegazkinaren kopilotuaren aitak ukatu egin du gaur bere semeak depresiorik edota bere buruaz beste egiteko joerarik zuenik.
Günter Lubitzek agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, ezbeharra jazo zela bi urte bete diren egunean.
"Ezbeharra gertatu zen unean nire semeak ez zuen depresiorik", adierazi du Günter Lubitzek. Ondoren, bai berak bai bere familiak "min berezi bat" pairatzen dutela gaineratu du, biktimen senideek jasaten dutenarekin alderatuta "bestelakoa" dena.
"Ezbeharra gertatu zen unean nire semeak ez zuen depresiorik", adierazi du Günter Lubitzek. Ondoren, bai berak bai bere familiak "min berezi bat" pairatzen dutela gaineratu du, biktimen senideek jasaten dutenarekin alderatuta "bestelakoa" dena.
"Gure mina oso berezia da", esan du; izan ere, horren esanetan, eurek gertuko bat galtzeari gaineratu egin behar diote euren senidea gertatutakoaren arduradun bakarra izatea egotzi izana eta euren senideak, bere burua hiltzeaz gain, beste 149 pertsonaren heriotza eragin izana.
Günter Lubitzek azaldu duenez, bere semeak bai izan zuen depresioa 2009an, baina gainditu egin zuen eta horrela lortu zuen 2013an Germanwings konpainian kopilotu gisa lan egitea.
Günter Lubitzen ostean, Tim van Beveren kazetari eta hegazkingintzan adituak hitz egin du. Horren aburuz, Frantziako zein Alemaniako fiskaltzaren ondorioak "espekulazio hutsetan" oinarritu ziren.
Van Beverenen hitzetan, ezbeharra izan eta 48 ordura ontzat eman zen Lubitzek nahita eraitsi zuela hegazkina "froga argirik" gabe.
Benverenek iradoki duenaren arabera, ezin daiteke frogatutzat jo Lubitz kabinan sartu eta bertan giltzapetu zenik, pilotua ez zegoela baliatuta, ezta kontziente zegoenik ere, ate irekitzeko eskatu ziotenean.
Biktimen senideek kritikatu egin dute gaurko agerraldia egitea. Beren usten "probokazioa" bat da, are gehiago istripuaren bigarren urtemugarekin bat egiteagatik.
"Beste edozein egun hautatuta ere, kritikatu egingo zuketen", adierazi du Lubitzek. Erantsi duenez, duela bi urtetik, "ez dago bestea baino hobea den egunik", berak, bere emazteak eta bere seme gazteak "kontsolamendurik ez duen" mina pairatzen baitute egunero.
Ikerketa
Hegazkina 9:10etan atera zen Bartzelonatik eta Dusseldorf zuen helmuga. Ikerketaren arabera, Frantziako Alpeetan erori zen kopilotuak nahita eraginda.
Fiskaltza bien ondorioetan jasotzen denez, Andreas Lubitzek bere burua kabinan giltzapetu zuen, pilotua bertan ez zegoen une bat aprobetxatuta, eta, ondoren, hegazkina eraitsi zuen.
Ondorio beren arabera, Lubitzek 40 mediku bisitatu zituen hainbat nahasmendu psikiko eta depresio pairatzen zituelako; bere buruaz beste egiteko joera zuen eta ezbeharra gertatu zen egunean bajan zegoen, baina ez zien horren guztiaren berri eman bere nagusiei.