Gizartea -

Alpeetako ezbeharra

Germanwingseko hegazkinaren bigarren kutxa beltza aurkitu dute

Bigarren kutxa beltzak hegaldiko parametro guztiak erregistratuta izan beharko lituzke, baita azken unean kabinatik emandako aginduak ere. Bestalde, 150 DNA lagin topatu dituzte ezbeharraren tokian.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Aurkitu dute Alpeetan eroritako hegazkinaren bigarren kutxa beltza

1:53

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 24an Frantziako Alpeetan jausi zen Germanwings konpainiako hegazkinaren bigarren kutxa beltza topatu dute ostegun honetan erreskate taldeek.

Bigarren kutxa beltz horrek hegaldiko parametro guztiak erregistratuta izan beharko lituzke, baita azken unean kabinatik emandako aginduak ere. Halaber, bigarren kutxa beltzak, egoera onean badago behintzat, ezbeharraren nondik norakoak argitzen lagundu beharko luke.

Agintari judizialen eskuetan utzi aurretik, kutxa beltza Seyne-les-Alpes herrian dago, hain zuzen ere, ezbeharra gertatu zen tokitik gertu jarritako kuartel nagusian.

Gaur aurkitutako kutxa beltzak lehendabizikotik ateratako datuak osatzeko balioko du. Lehendabiziko kutxa beltza ezbeharra gertatu zen egunean bertan topatu zuten, eta hark kabinako grabazioak zituen erregistratuta.

Lehenengo kutxa beltzeko datuen arabera, pilotua kabinatik atera zela baliatuta, Andreas Lubitz kopilotuak kabinako atea itxi zuen eta hegazkinak behera egiteko maniobra abiatu zuen, harik eta Alpeen kontra amildu arte.

Fiskalak jakinarazi zuenez, kopilotuak nahita eragin zuen ezbeharra. Beraz, hipotesi hori berresteko balio dezake bigarren kutxa beltzaren ikerketak.

150 DNA lagin topatu dituzte

Brice Robin fiskalak jakinarazi du 150 DNA lagin topatu dituztela ezbeharraren tokian, eta, beraz, zenbaki hori bat dator hegazkinean zihoazen bidaiari kopuruarekin.

Alabaina, Marseillako fiskalak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi 150 biktimak identifikatu dituztela. Hurrengo urratsa lagin horiek aztertzea izango da.

Biktimak identifikatzean, familiekin jarriko dira harremanetan, eta ondoren, Interpolek sortutako batzorde bereziak baimena ostean, gorpuzkinak entregatuko dizkiete.

Lubitzek bere buruaz beste egiteko informazioa bilatu zuen bezperan

Andreas Lubitz Germanwingseko kopilotuak suizidio metodoei eta hegazkinetako kabina ixteko segurtasun neurriei buruzko informazioa bilatu zuen interneten hegazkin ezbeharraren bezperan, Dusseldorfeko Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez.

Ikertzaileek Lubitzen etxean atzemandako ordenagaileuetan aurkitu omen dute aipaturiko informazioa.

Bestalde, Lubitzen mediku historiala aipatuta, Bild egunkari alemaniarrak gaur berri eman duenez, kopilotua Airbus 320 hegazkinera igo zenean tratamenduan zegoen depresioaren, antsietatearen eta izu-krisien kontra.

Halaber, egunkari alemaniarrak ziurtatu du kopilotua medikuen laguntza bilatzen ari zela ikusmen arazo bat konpondu ahal izateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak gaur