Mundua -

Alemania

Zauritu bat, Borussia Dortmunden autobus ondoan izandako leherketetan

Marc Bartra futbolari kataluniarra da zauritua, eta Mikel Merino nafarra autobusean zihoan. Dortmundeko poliziak baieztatu du "lehergailuekin egindako eta serioski hartu beharreko erasoa" izan dela.

Borussia Dortmunden autobusa, leherketen ostean. Argazkia: Efe
Borussia Dortmunden autobusa, leherketen ostean. Argazkia: Efe
Borussia Dortmunden autobusa, leherketen ostean. Argazkia: Efe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Poliziak adierazi duen arabera, Dortmundeko Borussia taldearen autobusaren ondoan hiru leherketa jazo dira, Txapeldunen Ligako final laurdenetan Monakoren kontra jokatu behar zuen partidarako bidean.

Dortmundeko poliziak baieztatu du "lehergailuekin egindako eta serioski hartu beharreko erasoa" izan dela.

Alemanian 19:00ak zirenean izan da leherketa. Autobusa estadiora bidean zihoan, jokalariak barruan zirela, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako partidarako.

Dortmundeko Poliziak jakinarazi du "autobusetik gertu" izan diren leherketen ondorioz pertsona bat zauritu dela eta ibilgailuko leihoak apurtu egin direla.

Futol talde alemaniarrak jakinarazi dunez, Marc Bartra futbolari kataluniarra da zauritua, eta beso batean ebakiak dituen arren, ospitalean artatu eta etxean da dagoeneko.

Leherketak Dortmund-Höchsten inguruan izan dira, taldearen hoteletik oso gertu.

Ohar bat aurkitu dute

Sandra Lucke auzia daraman fiskalak prentsaurreko batean azaldu du ohar bat aurkitu dutela erasoa gertatu den lekuan, eta bertan erasoa beregain hartzen duela norbaitek, baina oraindik ez dute egiaztatu benetako idatzi bat ote den. "Idatziaren benetakotasuna egiaztatu beharra dago", adierazi du.

Gregor Lange Dortmundeko poliziaburuak "nahita egindako erasoa" izan dela azpimarratu du, baina beste bozeramaile batek argitu du oraindik ez dagoela zantzurik eraso terrorista izan dela pentsatzeko.

Bartra, zaurituta

Hans-Joachim Watzke Borussia Dortmunden kirol zuzendariak jakinarazi du Marc Bartra kataluniarrak zauriak dituela eskuan eta besoan, baina ez dela larria, eta taldea "shock egoeran" dagoela. Mikel Merino futbolari nafarra ere autobusean zihoan, baina ez da zauritu.

Poliziaren informazioari erreferentzia eginez, Watzkek esan du autobusa hoteletik atera bezain laster izan dela erasoa, eta bazter batean ezkutatuta zeuden hiru lehergailu zartarazi dituztela.

"Hoteletik ateratzerakoan leherketa bat jazo dela jakinarazten dugu. Jokalariak ondo daude, Bartrarena ez da larria", azaldu du Borussiak Twitterren.

 

 

Bartra da leherketan zauritu den bakarra. "Zorabiatuta" dago eta "hainbat zauri" ditu besoan, autobusaren kristalek eraginda, Radio Marcak esan duen arabera.

UEFAko agintariekin hitz egin ostean, partida bertan behera uztea erabaki dute, baina bihar jokatuko da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania albisteak Eguneko albisteak