Mundua -
Asanblea Nazionala
Raul Castrok dio ez dela "inpunitaterik" izango Kubaren etsaientzat
Bestalde, Kubako presidenteak iragarri du handitu egingo duela bere kasa lan egiten dutenen kopurua eta Estatuko langileria, berriz, murriztu egingo du.
Erredakzioa
Raul Castro Kubako presidenteak esan du ez dela "inpunitaterik" izango "Aberriaren etsaientzat", preso politikoak kartzelatik ateratzeko prozesuari lehenengo aldiz publikoki erreferentzia eginez.
"Iraultza indartsua delako izan daiteke eskuzabala", adierazi du Castrok Asanblea Nazionalean emandako hitzaldian, eta honakoa gaineratu du: "Ez dut gogoko beti gauza berbera errepikatzea, Aberriaren etsaientzat inpunitaterik ez dela egongo esatea".
2003ko udaberrian 75 pertsona zigortu zituzten 6 eta 28 urte arteko kartzela-zigorretara AEBekin konspirazioa egitea, Estatuaren independentziari eraso egitea eta iraultzaren oinarriak ahultzea leporatuta.
Raul Castro generalak azpimarratu du Kubako legeak errespetatuz eta "subiranotasun osoz""abiatu zuela presoak kartzelatik ateratzeko prozesua. "Iraultzaren kontrako preso"tzat jo ditu.
Era berean, azaldu du "inor" ez zutela zigortu ideiengatik, "Kubaren kontrako kanpainetan, munduko txoko askotan, horixe ulertarazi nahi izan badute ere".
Kubako Gobernuak lau hilabetetan kartzelan geratzen diren 75 presoetako 52 askatzeko konpromisoa hartu du.
Egiturazko aldaketak
Kubako presidenteak, era berean, bere kasa lan egiten dutenen kopurua handitu egingo duela eta Estatuko langileria, berriz, murriztu egingo duela iragarri du. Neurri horiek “egitura eta kontzeptu aldaketa” bat direla esan du.
Dena dela, argi adierazi du Kubak bere erritmoan, inprobisaziorik eta presiorik gabe, “berrituko” duela bere eredua. Lizentziak emateko debekuak kenduko dituela, eta eskulanerako kontratazioak malgutuko dituela ere iragarri du.