Mundua -

Hondamendi naturala

Suteen keak Mosku hiri fantasma bihurtu du

Substantzia kaltegarrien kopurua behar baino bost aldiz handiagoa da atmosferan. Keak dozenaka hegaldi atzeratu ditu, ikuspenik ez dagoelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suteen keak Mosku hiri fantasma bihurtu du, izan ere, auzo batzuetan ikuspena 200 metrokoa da apenas, eta erre usaina etxeetan sartu da.

Harresi gorriak apenas ikusten dituzte bisitariek Plaza Gorrian. Kremlinaren dorreak eta San Basilio Katedralaren kupula nabarrak ke artean galtzen dira.

Azken bi asteetan ke eta errauts hodei batek estali du Mosku behin baino gehiagotan, eskualdean diren suteen ondorioz, baina orduak pasa eta zerua garbitzen zen tenperaturek gora egitean.

Baina gaur 35 graduko tenperaturek ezin izan dute kea garbitu Errusiako hiriburuan, kanpoaldean zohikatzak su hartu dutelako.

Moskuko Udalaren Ingurugiro Departamentuaren arabera, substantzia kaltegarrien kopurua behar baino bost aldiz handiagoa da atmosferan.

Errusiako suteen kea estratosferara heldu da, hau da, 12 kilometroko altuera harrapatu du, NASAk jakitera eman duenez. NASAk Terra satelitea erabili du neurketak egiteko.

Atzerapenak

Keak dozenaka hegaldi atzeratu ditu, ikuspenik ez dagoelako, ondorioz, ehunka bidaiari lurrean geratu dira.

Domodedovoko eta Vnukovoko aireportuek 40 hegaldi baino gehiago atzera bota behar izan dituzte, eta Sheremetevora desbideratu. Beste 20 bat hegazkinek ezin izan dute aireratu, aireportuko iturriek jakinarazi dutenez.

Iragarpenen esanetan, datorren astera arte ke hodeiak ez du hiriburua utziko, orduan haizearen norabideak aldatuko duelako, orain hego-ekialdetik jotzen baitu.

52 hildako

Suteen ondorioz dagoeneko 52 lagun hil dira, Larrialdi Ministerioak jakitera eman duenez. Suteen bilakaerak larrialdi egoera ezartzera behartu du Errusiako zazpi eskualdetan.

Bien bitartean, suteen kopuruak behera egin du azken 24 orduetan, 588tik 558ra. Moskuko eskualdean, ostera, kopuruak gora egin du.

Gainera, suteek 700.000 baso hektarea kiskali dituzte. Bestalde, lehorteak 10 milioi laborantza hektarea hondatu ditu. Ondorioz, ale esportazioak bertan behera uztea erabaki du Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea