Mundua -
Siriako gerra
Siriako erregimenak egindako 4 eraso kimikoren zantzuak daudela salatu dute
Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Baxar al-Asaden erregimenak gutxienez lau eraso kimiko egin ditu 2016ko abenduaz geroztik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Siriako erregimenak Damasko, Hama, Idlib eta Alepo hirietan egindako lau eraso kimikoren "zantzu gehiago" daude. Ildo horretan, Baxar al-Asaden erregimenak 2016ko abenduaz geroztik gutxienez lau eraso kimiko egin dituela salatu du.
"Erasoak orokortuak eta sistematikoak dira, eta, zenbait kasutan, gizarte zibilaren kontrakoak", adierazi du. Zenbait kasutan erasoen helburua zibilei sufrimendu larria eragitea zela gaineratu du.
Gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, arma kimikoekin egindako erasoak gizateriaren kontrako krimenak dira. Horren arabera, eraso horiek hiru modutara egin ditu: gerra hegazkinetatik bonbak jaurtita, helikopteroetatik tiro eginez (jarduera sistematikoagoa omen da orain) eta lurreko armadak eraso eginda.
Gas neurotoxikoa behin eta berriz erabili izanak Siriako erregimenaren eta Errusiako Gobernuaren bertsioa ahuldu du. Horien esanetan, apirilaren 4an Idlib probintziako Jan Sheijun hirian jazotakoa "ohiko" aireko erasoa izan zen eta matxinoen arma kimikoen biltegi bati eragin zion.
Erakundearen hitzetan, apirilaren 4ko erasoa izan zen tokian aurkitutako arma hondarren "argazki eta bideoek" errusiarrek egindako bonba kimiko bat izan daitekeela iradokitzen dute.
Bestalde, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari ebazpen bat "berehala" onartzeko eskatu dio, "alde guztiek" Arma Kimikoen Debekurako Erakundeko ikertzaileekin kolabora dezaten. Halaber, errudunak zigortzeko ere galdegin dio.