Mundua -
Arma kimikoak
Siriako eraso kimikoak nazioartearen gaitzespen zabala jaso du
Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, dagoeneko 86 pertsona hil dira asteartean Siriako Jan Sheijun herrian jazotako bonbardaketaren eraginez.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Jan Sheijun herrian asteartean izandako eraso kimikoaren eraginez hildakoak 86 dira jada, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez. Biktimen artean 30 ume eta 20 emakume daude, baina biktimen kopuruak gora egin dezake, erakunde horren arabera; izan ere, hainbat zauritu oso larri daude eta pertsona asko eraikin batzuetako hondakinen artean desagertuta daude oraindik.
Behatokiaren esanetan, identifikatu gabeko gerra hegazkinek gas pozoitsua zuten bonbak bota zituzten Jan Sheijun herriko zenbait gunetan. Gas horren eragina pairatu zuten biktimek asfixia, goragalea eta espasmoak zituztela eta askori ahotik bitsa zeriela salatu du erakunde horrek.
Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak baieztatu duenez, bere langileek artatutako zaurituek sarin gasaren pareko agente neurotoxiko batek eragingo zituzten moduko sintomak zituzten.
Baxar al-Asad, gaitzespenen jomugan
Nazioartearen gehiengoak Baxar al-Asadek zuznetzen duen Gobernuari egotzi dio erasoaren ardura.
Horrenbestez, atzoko egunez Bruselan egin zen Siriaren aldeko biltzarrak gaitzetsi egin zuen gertatutakoa: "Beste gerra krimen bat. Arduradunek kontuak eman beharko dituzte", adierazi zuen Christos Stylianides Giza Laguntza eta Krisialdien Kudeaketarako europar komisarioak.
Aipatu biltzarrera nazioarteko 70 ordezkaritza baino gehiago bertaratu ziren, eta 2017an zehar Siriako herriari eta inguruko herrialdetan babestuta dauden siriar errefuxiatuei 6.000 milioi dolarreko (5.630 milioi euro) laguntza emateko konpromisoa hartu zuten.
Bere aldetik, Donald Trump AEBko presidentea ere hunkituta agertu da. Horren arabera, gertatutakoa "gizateriari egindako iraina" da, eta Baxar al-Asadi egotzi dio eraso "beldurgarria"ren erantzukizuna.
"Ezin daitezke onartu Al-Asaden erregimenaren ekintzak", gaineratu zuen atzo Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldian.
Aitzitik, Errusiako Gobernuaren hitzetan, Siriako armadak Jan Sheijun herrian zegoen arma kimikoen biltegi bat bonbardatu eta horrek eragin zuen gasaren eragina. Hartara, baztertu egin du Gobernuko indarrek egindako eraso kimikoa izatea.
Siriako Atzerri ministroak ere ukatu egin du Gobernuak inolako ardurarik izatea gertatutakoan. Horren esanetan, "asmatutako akusazioak dira", terrorismoaren aurka herrialdean egiten ari diren "borroka oztopatzeko".
NBEn, adostasunik ez
Bestalde, Nazio Batuen Segurtasun Biltzarrak ez zuen bozkatu atzo AEBk, Erresuma Batuak eta Frantziak aurkeztutako adierazpenaren zirriborroa, ez baitzuen jaso behar beste babes. Staffan de Mistura Siriarako NBEn bidali bereziak, aurretiaz, jazotakoa "ikaragarria" zela adierazi zuen.
Ordu batzuk aurretik, aldiz, NBEren asmoa "onartezina" zela iritzi zion Errusiako Gobernuak, Moskuk fidagarritzat jotzen ez dituen bi erakunderen informazioetan oinarrituta baitago.
Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailearen hitzetan, NBEk aurkeztutako testua "ez da onargarria inondik inora". Agintari errusiarraren ustez, testu horrek "ikerketaren emaitzak aurreratzen ditu eta errudunak zein diren adierazten du, besterik gabe".
Horren harira, Fiodor Strzhozhovski Errusiak NBEn duen ordezkaritzaren buruak aurreratu zuenez, Moskuk bere adierazpen propioa aurkeztu du.