Mundua -
Sinaloa, Mexiko
Damaso Lopez, 'El Chapo' Guzmanen ondorengoa, atxilotu dute
'El Licenciado' -atxilotua- Guzmanen gertukoetako bat zen, baina hura atxilotu ostean, gerra hasi zuen 'El Chapo'ren semearekin. Gerra horrek 500etik gora hildako eragin ditu aurten.
agentziak
Mexikoko segurtasun indarrek Damaso Lopez Nuñez Sinaloako Kartelaren ustezko buruzagia, 'El Chapo' Guzmanen ondorengoa, atxilotu egin dutela iragarri dute.
Damaso Lopez 'El Licenciado' Mexiko hiriko Nueva Anzures kolonian atxilotu zuten atzo, Delinkuentzia Antolatua Ikertzeko Prokuradore-bulego Espezializatuak eta Errepublikaren Prokuradoretza Nagusiaren Ikerketa Kriminalaren Agentziak Defentsa Nazionaleko Idazkaritzarekin batera egindako operatibo batean, 'El Universal' Mexikoko hedabidearen arabera.
Segurtasun indarrek bi miaketa egiteko agindua zuten, horietako bat Lopez zegoen etxea arakatzeko.
Bere loba hilda, bihotzekoak jota
"Itsas Armadako kideak atxilotu eta gero, (David Lopez) bihotzekoa izan du" Fiskaltzaren esku uzteko eramaten ari zirela, Joan Jose Rios Estavillo Sinaloako fiskal nagusiak azaldu duenez. David Lopez 'El pollo' Damaso Lopezen gertuko pertsonetako bat zen.
'El Licenciado' Guzmanen bigarrena zela uste dute segurtasun indarrek, gehien bat 2016an Los Mochisen (Sinaloa) hura atxilotu eta gero. Alabaina, Jose Aldredo eta Ivan Archivaldo Guzman 'El Chapo'ren semeekin kartelaren kontrola bereganatzeko lehian sartu ziren.
Gerra horrek 500etik gora hildako eragin ditu Sinaloan urtea hasi zenetik eta, Eferekin hitz egin duten zenbait adituren arabera, baliteke are gehiago gordintzea Lopez Nuñez atxilotu ostean.