Mundua -
Atentatu bikoitza Londresen
Khuram Shazad eta Rachid Redouane ziren Londresko hiru terroristetako bi
Erresuma Batuko Poliziak baieztatu du atentatuaren hiru egileetako bi nortzuk izan ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko Poliziak baieztatu egin ditu larunbatean Londresen izandako atentatuen hiru egileetako biren nortasunak: Khuram Shazad, 27 urtekoa eta Pakistanen jatorria duen britainiarra, eta Rachid Redouane, 30 urtekoa eta Marokokoa edo Libiakoa.
Biak Barking auzoan bizi ziren, Londresko ekialdean. Poliziak ez du jakinarazi oraindik hirugarren terrorista nor izan den.
Hiru erasotzaileak tirokatuta hil zituzten zazpi lagun hil eta ia 50 pertsona zauritu ostean. London Bridgen inguruan eta Borough merkatuan izan zen gertakaria.
Poliziak adierazi du Rachid Redouanek marokoar eta libiar gisa aurkezten zuela bere burua, eta beste nortasun bat ere erabiltzen zuela, Rachid Elkhdar 26 urteko gizasemearena, hain zuzen ere.
Poliziak eta inteligentzia zerbitzuek bazuten Shazaden berri, baina ez zekiten edo ez zuten susmatzen eraso bat prestatzen ari zela. Redouanen kasuan, aldiz, segurtasun indarrek ez zuten ezagutzen.
Biktimak
Martxan dago biktimen nortasuna senideei jakinarazteko prozesua, baina Poliziak aitortu du ?denbora? behar dutela, hildakoetako batzuk atzerritarrak zirelako.
Erasoaren ostean ospitaletara eraman zituzten 48 lagunetatik 36k ospitalean jarraitzen dute, 18k egoera kritikoan, Scotland Yarden arabera.
12 atxilotuak, libre
Bi nortasun horien berri eman baino lehen, Cressida Dick Londresko Metropolitar Poliziaren Zerbitzuko buruak azaldu du identifikatuta dituztela hiru terroristak, eta bakarrik edo beste kide batzuen laguntzaz aritu ote ziren ikertzen ari dira orain.
Atzo 12 pertsona atxilotu zituztela (dagoeneko libre daude, kargurik gabe) baieztatu du Scotland Yardeko arduradunak BBC telebista-kateari egindako adierazpenetan. Egindako miaketetan, "informazio asko" atzeman dutela ere erantsi du.
Horren hitzetan, pertsonak eta ekitaldiak "babesteko" misio ugari ditu martxan Poliziak: "Eskala handiko erantzuna da".
Dickek elkarrizketa eskaini baino minutu batzuk lehenago, atentatuaren inguruko informazio eguneratua eman du Londresko Metropolitar Poliziak Twitterren. Bertan azaldu duenez, hainbat lagun atxilotu dituzte Newham eta Barking auzoetan egindako miaketetan. "Norabide askotan egiten ari gara lanean", zehaztu dute.
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londresko atentatu bikoitza. Larunbat gauean (Erresuma Batuan 22:00ak zirenean; Euskal Herrian, 23:00ak) izan ziren erasoak. Furgoneta zuri batek dozenaka pertsona harrapatu zituen Londresko zubian. Hiru lagun zihoazen bertan.
Borough Market merkatura joan ziren ondoren, eta, hara iritsitakoan, ibilgailutik jaitsi ziren eta aurrez aurre topatu zituzten pertsonei labanaz eraso zieten. Poliziak tiroz hil zituen hirurak.