Mundua -

Londreseko atentatua

Ignacio Echeverriaren hilotza larunbatean Espainiaratzea espero du sendiak

Bere anai-arrebak Andrew Harris epaile forentsearekin batu dira gaur Londresen, eta ontzat eman dituzte hark emandako azalpenak.

Ignacio Echeverriaren familiakoak agintari britainiarrekin izan dira gaur

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan zen larunbatean Londresen izandako atentatuan hil zen Ignacio Echeverria espainiarraren senideek jakitera eman dutenez, haren hilotza beilatu ahalko dute gaur eta gorpua larunbat honetan bertan Espainiaratu ahal izatea espero dute.

Senitartekoak Londresen izan dira gaur Andrew Harris epaile forentsearekin biltzeko asmoz, eta, bilera izan aurretik, Ana Echeverria arreba kexu agertu da, uste baitzuten asteartera arte itxaron beharko zutela bere nebaren gorpua Espainiara eramateko. Aitzitik, bileratik atera ostean, ontzat eman du jasotako informazioa.

Bere aldetik, Enrique Echeverria beste anaiaren esanetan, epailearen azalpenak "behar bestekoak eta zuzenak izan dira", eta harekin hitz egin ostean, larunbatean Espainiaratuko dutela espero dute.

Autopsiari buruz, Enriquek esan du "ohikoa dena" emango dutela hura egiten. Bihar izango dute "aurretiazko txostena", eta "denbora luzea" igaroko da behin betikoa izan arte.

"Baina uste dut nahikoa dela. Argi gera dadila ez gatozela bat hedabideetan agertu diren kontu horiekin, oso ondo portatu dira", zehaztu du Erresuma Batuko agintarien jokabidea defendatuz. Izan ere, agintari britainiarrek kritika asko jaso dituzte, familiak lau egun itxaron behar izan zituelako bere anaia atentatuan hil zela jakin zuten arte.

Echeverriaren anai-arrebak gaur bertaratu dira Londresko auzitegi forentsera, eta hura nola hil zen azaldu diete bertan, baina behin betiko daturik gabe, autopsia egitearen faltan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea