Itxi

Mundua

Erresuma Batua

Mayk Ipar Irlandako unionisten babesarekin osatuko du Gobernua

Agentziak | Erredakzioa

Isabel II.a erreginaren jauregian egindako agerraldian azaldu duenez, DUP alderdiaren babesarekin gobernatuko du.

1:31

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadorea Isabel II.a erreginarekin bildu da goizean, Buckingham jauregian, eta Gobernua osatzeko moduan dagoela esan dio, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa lortu ez duen arren gobernu-akordioa lortu duelako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) hamar diputatuekin.

Ipar Irlandako unionistek hamar eserleku lortu dituzte, eta, horiei esker, Mayk ordezkatzen duen Alderdi Kontserbadoreak gehiengoa erdietsiko du Parlamentuan. Alderdi Laboristak, berriz, nabarmen murriztu dute azken horiengandik zuten aldea; 261 (29 gehiago) eserleku lortu baituzte.

Ostegunean izandako hauteskunde aurreratuetan, Alderdi Kontserbadoreak 318 ordezkari lortu zituen (aurrekoetan baino 12 gutxiago). Hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenean eserleku gehiago lortzea espero zuen, egonkortasuna lortu eta ?brexit?aren inguruko negoziazioetan herrialdeak bat eginda jarrai dezan.

Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) ?lagunekin eta kideekin? lanean jarraitzeko asmoa duela adierazi du Mayk. Lortu zezaketen hamazortzi eserlekuetatik hamar eskuratu dituzte Ipar Irlandako unionistek. Guztira, 650 ordezkarik osatzen dute Erresuma Batuko Komunen Ganbera.

Ildo horretatik, bi alderdiek urteetan zehar ?harreman estua? izan dutela azpimarratu du lehen ministro kontserbadoreak, eta herrialde horren interesen alde lanean jarraitzeko konfiantza duela ziurtatu du.

?Herrialde gisa bat egiteko aukera emango digu akordio horrek, eta ?brexit?a gauzatzeko orduan guztiontzat onuragarria izango den akordioa lortzea ahalbidetuko digu. Europar Batasunarekin (EB) bestelako harreman bat izango dugu aurrerantzean, etorkizunari begira gure herrialdearen oparotasuna bermatuko duena?, gaineratu du.

?Erresuma Batua EBtik ateratzeko negoziazioetan herrialdea gidatuko du Gobernu honek, eta herritarren nahia beteko du?, gaineratu du Mayk.

Halaber, segurtasuna bermatzeko lan egingo duela ziurtatu du Alderdi Kontserbadoreko kideak. Izan ere, maiatzaren 22an Manchesterren izandako atentatuan eta joan den larunbatean Londresen izandako beste bi erasoetan hainbat hildako utzi zituzten terroristek.

Ildo horretatik, Erresuma Batuan oparotasuna nagusitu dadin eta herritar guztiei aukerak eskaini ahal izateko lanean jarraituko duela nabarmendu du.

Mayk joan den apirilaren 18an hartu zuen hauteskundeak aurreratzeko erabakia, inkesta gehienen arabera Jeremy Corbynek ordezkatzen dituen kontserbadoreek laboristekiko hogei puntuko aldea lortuko baitzuten. Alabaina, horiengandik zuten aldea nabarmen murriztu dute, 29 ordezkari gehiago lortu baitituzte.

?Brexit?aren negoziazioetan herrialdeak egonkortasun bolada handia behar duela adierazi du Mayk, eta herrialdeak bat eginda jarrai dezan gobernu-akordio sendoa lortzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Aurreko hauteskundeetan, kontserbadoreek 330 ordezkari lortu zituzten, eta laboristek, berriz, 229.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena