Mundua -

'Eraso terrorista' Bruselan

Bruselako geltoki nagusiko erasotzailea 36 urteko marokoarra da

Belgikako Fiskaltzak baieztatu duenez, O.Z.k maleta bat zartarazi zuen, leherketa txikia eraginda. Ez zuen aurrekaririk terrorismoagatik.

Militar bat, Bruselako geltoki nagusiaren ingurua zaintzen. EFE
Atentatua Bruselako geltoki nagusian. EFE
36 urteko gizon batek egin zuen astearte iluntzeko erasoa Bruselan

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako Fiskaltzak gaur baieztatu duenez, bart Bruselako geltoki nagusian izandako leherketa eragin zuen gizona 36 urteko marokoarra da eta Bruselako Molenbeek auzoan bizi zen.

Eric Van der Sypt Ministerio Publikoko bozeramailearen esanetan, erasotzaileak zartarazi zuen maletaren barruan "iltzeak eta gas botila txikiak" zeuden. Zenbait hedabidek kontrakoa zabaldu badute ere, erasotzaileak ez zeraman ez suzko armarik, ez labanik eta ezta inolako lehergailurik ere soinean.

"Argi dago eragindako kaltea baino handiagoa eragiten saiatu zela. Kalteak handiagoak izan zitezkeen", adierazi bozeramaileak. Hala ere, ez zen inor zauritu.

Atzoko gertakaria "ekintza terrorista" izan dela esan du Fiskaltzak, eta Terrorismoaren Kontrako Bruselako epaile batek bere gain hartu du ikerketa. Fiskaltzak bere gain hartu

O.Z. bezala identifikatu duten gizona 1981ean jaioa zen, marokoarra zen eta jihadista askoren bizileku izan den Bruselako Molenbeek auzoan bizi zen.

Poliziak erasotzailearen etxea miatu du, baina Fiskaltzak ez du xehetasunik eman nahi izan. Agintarien arabera, bere kabuz, inoren laguntzarik gabe egin zuen Geltoki Nagusiko erasoa. Ez zuen aurrekaririk terrorismoagatik.

Ala handia da oihukatu zuen

Fiskaltzak azaldu duenez, gizona 20:39an sartu zen geltokira eta, atari nagusitik igaro ostean, beheko solairura jaitsi eta bidaiari talde batengana hurbildu zen.

Une batez taldearengandik urrundu ondoren, itzuli eta eskuan zuen maleta zartarazi zuen oihu egiten zuen bitartean. Hala ere, ez zen inor zauritu.

Maletak segituan su hartu zuen eta gizona nasa batera abiatu zen, geltokiko arduradun bati segika. Bien bitartean, iltzeak eta gas botilak zituen maletaren barruan bigarren leherketa bat gertatu zen. Gainera, bigarrena, aurrekoa baino eztanda bortitzagoa izan omen zen.

Ministerio Publikoaren arabera, erasotzailea atari nagusira itzuli eta militar batengana gerturatu zen "Allahu akbar" (Ala handia da) oihukatuz. Soldaduak erasotzailearen aurka tiro egin zuen eta bertan hil zen.

Bozeramaileak azpimarratu duenez, "oraingoz ez dago loturatik" Bruselako eta astelehenean Pariseko Eliseoko zelaietan izandako erasoen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Bruselako albisteak gaur Belgika albisteak Atentatuak argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Maroko azken ordukoa