Mundua -

Sichuan probintzian

Gutxienez 120 desagertu Txinan, luizi baten eraginez

Sichuan eskualdean mendi baten zati bat mugitu da eta 62 bat etxebizitza suntsitu ditu. Azken egunotan izandako uholdeek 466.500 pertsonei eragin diete.

Sichuan eskualdean mendi baten zati bat erori eta 46 bat etxe suntsitu ditu. Argazkia: EFE
Sichuan eskualdean mendi baten zati bat erori eta 46 bat etxe suntsitu ditu. Argazkia: EFE
Herri txinatar bat harrien azpian lurperatuta geratu da luizi batengatik

1:08

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sichuan eskualdean (Txinako Hego ekialdean) bart gauean izandako luizi batek 46 etxebizitza inguru suntsitu ditu. Ondorioz, 120 bat pertsona lurperatuta geratu dira, Xinhua Txinako albiste agentziak jakitera eman duenez.

Azken orduotan hamabost gorpu berreskuratu eta bizirik dauden hiru lagun erreskatatu dituzte, South China Morning Post albiste agentziak jakitera eman duenez. Dena dela, hildako pertsona gehiago egon litezke, luiziaren ondorioz herrixka guztiz lurperatuta geratu baita.

Maoxian konderriko agintariek azaldu dutenez, azken egunotako eurien eraginez mendi baten zati garai bat mugitu eta Xinmo herrixkaren gainean erori da 06:00ak aldera (22:00 GMT).

Gutxienez 62 etxebizitza geratu dira lur azpian, eta ibai bateko bi kilometro eta eta errepide bateko 1.600 metro ere harkaitzez bete dira. Tokiko gobernuak jakitera eman duenez, luizia azken egunetan izandako euriengatik gertatu da.

Hasiera batean Xinhua agentziak desagertutakoak 141 zirela zabaldu badu ere, gerora kopuru hori 120ra jaitsi du, baina ez du zehaztu gainerakoak erreskatatu egin dituzten ala ez.

Bai jakinarazi du familia bereko hiru pertsona erreskatatu dituztela, luizia izan eta bost ordura. Ospitalera eraman dituzte zauri larririk gabe, baina familiako laugarren kide bat etxean lurperatuta jarraitzen zuen.

Sichuango telebistak, bere aldetik, bi pertsona ebakuatu dituztela adierazi du, eta hilotz bat azaldu dela.

Tang Limin tokiko gobernuko bozeramaileak adierazi duenaren arabera, 1.000 pertsonaz osatutako erreskate lantaldea ari da lanean, makina hondeatzaileak eta bizi zantzuak antzematen dituzten tresnak erabiliz.

Urteko sasoi honetan, euria barra-barra egiten du Txinan, eta, arrazoi meteorologikoak direla eta, ohikoa omen da mota horretako hondamendi naturalak izatea.

Xinhua albiste agentziak azaldu duenez, Txina erdialdeko Hunan eta Hubeu probintzietan azken bi egunetan izandako uholdeek 466.500 pertsonei eragin izan die.

Gainera, 50 etxe inguru eraitsi dira, eta 9.000 bizilagun inguru haien etxeetatik atera behar izan dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina argazkiak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken ordukoa Hondamendi naturalen biktimak Harri-jausiak Asia albisteak