Mundua -
Washington
Israel eta Palestinaren elkarrizketak ez dira etengo erasoa izan arren
Mahmud Abbas Palestinako presidentea eta Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroa Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariarekin bildu dira, eta gero Obama izango dute solaskide.
Erredakzioa
Israelgo eta Palestinako agintariek gaitzetsi egin dute atzo Zisjordanian izandako erasoa (lau kolono israeldar hil zituzten) eta Washingtonen egiten ari diren bakerako elkarrizketak ez dituela oztopatuko hitz eman dute.
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea eta Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroa hasi dira Washingtoneko bake elkarrizketekin eta bakoitza bere aldetik Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren bildu dira gaurko eta biharko bilerak prestatzeko.
Prestakuntza lanetan ari zirela, erasoa izan zen atzo Zisjordanian eta lau kolono israeldar hil zituzten Al Fata eta Hamas alderdien miliziek. Baina ez dirudi atentatuak negoziazioak etengo dituenik, Jigal Palmor Atzerri Gaietarako Ministerioko bozeramaileak azpimarratu zuenez.
Abbasek ere gaitzetsi egin du erasoa, prozesu politikoa gaiztotzeko asmoa besterik ez duelakoan. Etxe Zuriak ere bakearen bila jarraitzeko eskatu zien bi aldeei.
Bakerako akordioa, urtebete barru
Elkarrizketa zuzenen hasiera abuztuaren 20an iragarri zuten, maiatzaren 9an George Mitchell AEBen Ekialde Hurbilerako bidali bereziak hasi zituen zeharkako elkarrizketen ondoren.
Negoziazioen helburua urtebete barru akordioa lotzea eta Estatu palestinarra sortzea da.
Biharko bileren aurretik, Clintonek Abbas, Netanjahu, Ahmed Abul Gheil Egiptoko eta Naser Yudeh Jordaniako Atzerri ministroak, eta Tony Blair Ekialde Hurbilerako laukotearen ordezkaria hartu ditu.
Bilera horien helburu nagusia parte-hartzaileen aurreikuspenak jakitea eta prozesuarekiko konpromisoak biltzea da.
Abbas eta Netanyahu Obamarekin bilduko dira, eta gero afaria izango dute Abdala II.a Jordaniako erregearekin, Hosni Mubarak Egiptoko presidentearekin eta Tony Blairrekin, Etxe Zurian.
Asentamenduak
Negoziazioak markatuko dituen gai nagusia asentamenduei buruzkoa izango da. Izan ere, irailaren 26an amaituko da Zisjordanian Israelen asentamenduak eraikitzeko debekua eta palestinarrek ohartarazi dute debekua luzatzen ez badute, bake prozesua eteteko arriskua dagoela.